Orain «langile gehiago gaude eta lana egiteko modua desberdina da: metodo berriak, auto elektrikoak, hibridoak… merkatu eta jendarte berrira moldatzeko formatzen ari gara». Orain Citroënen etxea ez den arren, «Eurorepar marka izaten segitzen dugu, oraindik berakien lanean, baina kotxe marka guziekin egiten dugu lan».
Orokorrean, «geroz eta kotxe elektriko gehiago ikusten dira. Egia da eskualdean eta herri ttikietan oraindik kostatzen ari dela, baina pixkanaka-pixkanaka ere goiti ari dira, eta dirulaguntzak ere ematen dituzte». Motorra desberdina denez, «mantentze lana ere desberdina da, bertze gauzak hartu behar dira kontuan. Baina, aldi berean, lana ez da hainbertze aldatzen, oinarria bera delakoz».
Hirietan ezarri dituzten kontsumo pegatinak ere dira bertze berritasun bat merkatuan, «kotxeen trafikoa eta kutsadura kontrolatzeko. Gehienbat kotxe zaharrei hiri barnean mugitzea mugatzen die. Pegatinekin hasi zirelarik kezka gehiago nabaritzen zen jendearen artean, baina lege zehatzik ez dagoenez, nahiko trankildu da afera».
Denborak aldatzen badira ere, «guk hemen segituko dugu, garai berrietara moldatzen eta beti ikasten, erantzun profesionala eman ahal izateko».