Lekarozko irakasleak A ereduko postuak erdaldun elebakarrekin betetzeko erabakiaren kontra agertu dira

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

Heldu den ikasturtera begira, Hezkuntza Departamentuak erabaki du A ereduan aritzeko bortz irakasle A ereduko plazatik aterako dituztela, hau da, irakasle erdaldun elebakarrek eginen dutela gaur egun D ereduko irakasle elebidunek egiten duten lana, lanaldi osoak zirenak lanaldi erdi bihurtuz. Institutuko irakasleak erabakiaren kontra agertu dira, eta arrazoiak azaltzeko agerraldia egin dute gaur goizean.

Irakasleek adierazi dutenez, «2026-2027 ikasturtean Lekaroz BHIn A ereduan soilik emanen luketen irakasle erdaldunekin osatutako plantilla izateak bi ondorio nagusi izanen lituzke, alde batetik ikasleen inklusioan eta bertzetik euskararen defentsan».

Inklusioari dagokionez, azaldu dute ikastetxean lau taldek osatzen dutela A ereduko lerroa. «Arras talde anitzak eta konplexuak dira: ikasle migratzaileak, eskolaratze berantiarrekoak eta behar handiko taldeak. Ikasturte honetan, adibidez, lau taldeek elkarbizitza interbentzioak behar izan dituzte. Egoera zein den jakinik, azken urteetan zentroko funtzionarioek, hezkuntzan esperientzia zabala duten langileek, bere gain hartu dituzte ikasgela horiek helburu zehatz batzuekin: jarraipena, koordinazioa, integrazioa... Hezkuntzako langileak garen heinean hezkuntzan sinesten dugu, integraziorako eta gizartea eraldatzeko funtsezko tresna dela. Ze komunitate mota gara ez baditugu gure kide/senide ahulenak babesten? Nola ez ditugu gure baliabide eta ahaleginak beraiei zuzenduko?».

Horregatik, «gure galdera neurri hau defendatzen duten sindikatu buru horiei: Guk geuk, gure lan estresa prebenitzeko eta geure burua babesteko, urteetan zehar egin nahi izan ez duguna, benetan, zuen langile gazteenei eta esperientzia gutien dutenei eskainiko diezue? Izan ere, denok dakigu Lekarozera bederatzi edo hamabi eskola ordu ematera ez direla zerrendetako lehenbizikoak etorriko, ailegatu berri direnak eta sartu diren azkenak etorriko dira. Zailtasun handiko plazak elkarbizitzan, jarreran, portaeran, lan ohituretan zein oinarrizko gabeziatan premia eta arazo indize sinestezinak dituzten taldeak… Zein sindikatu motak defendatzen du bere langileentzako hain lanpostu gogorrak eta hainbertzeko prekarizazioa?».

Bertzetik, euskarari dagokionez, zenbait galdera planteatu dituzte: «Nola eraginen dute irakasle horiek gure egunerokotasunean? Nola eginen dute zaintza bat D ereduko taldeetan? Nola eginen dute patioko zaintza bat? Zein hizkuntzatan zuzenduko zaizkie D ereduko ikasleei? Erantzuna eman beharrik ere ez dago, bistan denez: gaztelaniaz. Beraz, berriz ere baztertze historikoaren aitzinean geundeke: A ereduko ikasleek bermatua izanen dute bere hautua, hezkuntza jarduera gazteleraz egitea; D ereduko ikasleek, berriz, bere hautua izan den euskaraz egitearena urratua ikusiko dute».

Erabakia «erabateko erasoa da gure ikasleen hautatze askatasunaren aurka, gure izaeraren aurka. Ez gara postal bat; Baztan ez da Nafarroan txertatzen den parke tematiko bat: komunitate bat gara, bizirik dagoen herri bat gara, eta gisa horretan, gure ezaugarriak ditugu. Eta garrantzitsuena? Gure kultura eta gure izatea euskaldun izatea dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun