Heldu den ikasturtean A ereduko plazak erdaldun elebakarrekin beteko dituztela salatu du Lekarozko klaustroak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

Hezkuntza Departamentuaren erabakia «eraso euskarafoboa» dela adierazi dute eta «A ereduko ikasleen integrazioa» moztuko duela salatu dute.

Lekaroz BHIk 450-500 ikasle inguru ditu, horietarik 40 bat A eredukoak, eta gainerakoak D eredukoak. Orain arte irakasle guztiak euskaldun elebidunak izan dira, hortaz, D ereduan ematen duenak A ereduan ere ematen ahal du. Baina heldu den ikasturtera begira, irakasleen plantillak osatzeko, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du «bortz irakasle A ereduko plazatik aterako dituztela». Modu honetan, «A ereduko plazatik aterata, erdaldun elebakarrak etorriko lirateke gurera, horrek dakarren guztiarekin. Hizkuntzaren kontrako eraso larria izateaz gain, orain artio lanaldi osoak zirenak, erdi bihurtu dituzte, A ereduan ez baita lanaldi osoa sortzeko bezain bertzeko ikaslerik».

Erabakia «bizikidetzaren eta ikaslegoaren integrazioaren kontrako erasoa dela» salatu du klaustroak aho batez: «gurea bezalako eskualde batean A eredua izate hutsa integrazioaren aurkako erabaki politikoa izanik, euskaraz ikasten ez duten ikasle hauen erabateko ghetifikazioa saihesteko modu bakarrenetakoa zen bi ereduetan irakasle berberak aritzea, zaila baita hizkuntza desberdinetan lerrokatu ditugun ikasleen arteko interakzioa. Jatorri desberdina, irakaskuntza hizkuntza desberdina, eta orain gainera irakasle desberdinak... bazterkeria sistematikoa».

Horrez gain, «euskararen normalizazio prozesuan ezinbertzeko arnasgune diren D ereduko ikastetxe baten hizkuntza ohiturak lehertzeko ahalegina zekena da: ikasgelaz kanpoko harremanak erdaldunduko ditu, administrazio lanak trabatu eta bikoiztuko ditu, koordinazio bilerak eta klaustroaren dinamika ez eraginkor bilakatuko ditu. Euskara hutsean bizitzeko aukera (zaila bezain erreala) zapuztu nahi da, azken finean».

Azkenik, «lan baldintzetan eta lanpostuen kalitatean ere atzerapauso nabarmena: jardunaldi osoko eta nolabait egonkortzetik hurbil zeuden hainbat lanpostu prekarizatuko ditu. Baldintza onetan lan egiten ahal zuten langileak lanik gabe geldituko dira, eta bi jardunaldi partzialeko bi lanpostu sortuko dira trukean, bi langile prekarizatuz. Astakeria galanta ikuspegi sindikaletik».

Hori dela eta, ikastetxeko klaustroak aho batez eskatu dio Gimeno kontseilariari «bertan behera utz dezala esku hartze onartezin hau, eta bertako zuzendaritzarekin adostu dezala plantillaren osaketa, D ereduko zerrendetatik hornituz irakasle beharrak».

Akitzeko, «dei egiten diegu inguruko instituzio, eragile eta D ereduko hezkuntza komunitateko kide guztiei, haiek ere salaketa hau babes dezaten eta haien esku dagoen guztia egin dezaten zentzugabekeria maltzur hau bertan behera gera dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun