Ttipi Txartela

«Neguko denboraldia arras ongi joan da eta udakoa prestatzen ari gara orain»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 27a

Maria Plaza Azkarate, Giltxaurdi kiroldegiko arduraduna.

Maiatzaren 31n akituko dute neguko denboraldia Elizondoko Giltxaurdi kiroldegian eta «arras ongi» joan dela azaldu du Maria Plaza Azkaratek: «talde guziak bete dira gimnasioan zein igerilekuan eta batzuetan ikastaroko taldeak bikoiztu edo hirukoiztu behar izan ditugu». Orain, berriz, udako denboraldiari begira daude: ekainaren 16an hasiko dute eskaintza berria.

Neguko denboraldian denetik egiteko aukera izaten da: pilates, igeriketa, zahartze aktiboa, triatloi eskola, yoga, indarra, spinning, zumba, kirol jolasak… udan, berriz, igerilekuan zentratzen dira. «Ekainaren 1etik 15era instalazioak hetsiko ditugu igerilekuan mantentze lanak egiteko, eta ekainaren 16tik irailaren 15era izanen dugu udako denboraldia».

Udan 6-12 haurrendako kirol jolasak eginen dituzte goizez: «joan den urtean bi txanda egin genituen eta jendea kanpoan gelditu zen, hortaz, aurten hiru eginen ditugu, bat uztailean eta bi abuztuan». Horrez gain, «5 urtetik aitzineko haurrendako igeriketa ikastaro intentsiboak eginen ditugu, txanda bat uztailean eta bertzea abuztuan».

Jardueretan parte hartzeko izena ematea webgunetik egitea gomendatu du, «erraza eta azkarra baita», baina telefonoz edo bertako bulegoan egiteko aukera ere ematen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun