LURDES MENDIBURU BIDART

«Orain Gorkak berriz bizitzen ikasi beharko du»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 23a

Gorka Madrilgo ospitaleko errehabilitazio saioan.

Ezaguna egin da Gorka Goñiren kasua, meningokoko sepsiak jota bi hankak eta beso bat galdu duen gaztea. Egun bizi duten egoeraz mintzatu da Lurdes Mendiburu, bere ama.

Urtarrilaren 4an erabat aldatu zen Gorka Goñi Mendiburu 17 urteko elbetearraren bizitza. Sukar altuak jota, Elizondoko Osasun Etxeko larrialdietara eraman zuten, eta bertako langileen erantzun azkarrari esker bizi da gaur egun. Antibiotikoa eman eta helikopteroan eraman zuten Nafarroako Ospitale Unibertsitariorat, azkar hedatzen ari baitzen meningokoko bakterioa, sepsia eragin zuena. Hil ala biziko egoera estuan, eta arreta hobea emate aldera, Madrilgo Ospitale Unibertsitariora lekualdatu zuten. Bi hankak eta beso bat galdu ditu eta larrua markaz beterik du, baina heriotzaren kontrako borroka irabazi du Gorkak. Orain errehabilitazioa hasi du, oraino Madrilen, baina etxerat fite bueltatzeko esperantzarekin. Orain, «berriz bizitzen ikasi beharko duela» azaldu du Lurdes Mendiburu Bidartek, bere amak. Izan ere, hilabete hauetan guzietan ondoan izan du familia, baina baita lagunen babesa ere, eta orain pauso bat haratago eman dute: Gurekin Zaude elkartea sortu dute. Gorkari bere bizi berrian laguntzea du helburu elkarteak, baita bere egoera berean dagoen edozeini ere.

Zer moduz zaude?

Hau da dagoena, eta dagoenarekin aitzinerat egin behar dugu, ez dugu bertzerik. Ez dugu denborarik hartzen pentsatzeko nola gauden. Hau ez da sendatzen, betirako den zerbait izanen da eta gauza batzuk ez dute bueltarik. Baina egia da Gorka ongi ikusten dugula, egunetik egunera hobekiago, eta horrek lasaitzen gaitu. Animoz hobekiago dago, botika geroz eta guttiago hartzen ditu eta minak desagertzen ari dira… bera hobekiago dagoen heinean, gu ere bai.

Nola bizi izan dituzue azkeneko hilabeteak?

Hilabete arras-arras gogorrak izan dira. Urtarrilaren 4an gure biziak gelditu egin ziren, eta bertze mundu paralelo batean gaude orain. Ez dugu lanik, ez dugu harremanik, ez dugu astebururik: Gorka eta ospitalea dira gure bizi guzia. Hala ere, orain argi pixka bat ikusten hasi gara, eta badugu denbora gehiago familia eta lagunekin harremanetan egoteko.

Nola eragin dio eritasunak?

Orain arte zuen bizia akitu da Gorkarendako. Orain bertze bizi bat asmatu behar du, bi hankak eta beso bat gabe, eta ez da inondik inora izanen urtarrilaren 3an zena. Horrek fisikoki eragin handia du, baina baita psikologikoki ere. 17 urte bete berri ditu, bere urtea izan behar zuen, eta orain guziz menpeko dago.

Zer moduz dago?

Orain ongi dago; irri egiteko kapaz da, bromak egiten ditu… batzuetan lehenagoko Gorka ikusten dugu. Egia da aunitz pentsatzen duela etorkizunean, eta buruari buelta aunitz ematen dizkiola. Baina indartsu ikusten dugu, eta aitzinerat egiteko gaitasuna du. Hori da hitza: indartsu.

Hau gertatu aitzinetik, ezagutzen zenuten meningokoko sepsia?

Ez. Meningitisa bai, ezagutzen genuen, duela gutti Gartzainen kasu bat izan baitzen, eta haurrak izaten dituzun momentutik txertoa paratzen diezulakoz. Baina sepsia ez, eta oraino gutiago hain bat-batekoa eta suntsigarria dela. Orain horren inguruko masterra egiten ari gara.

Eritasuna goizik detektatzeko modurik ba al da?

Ez dago modurik, lehenbiziko sintomak, sukarra, buruko mina… edozein gripetan izaten ahal diren berdinak dira. Gorka arras denbora gutti egon zen sukarrarekin; 22:00etan hasi zen, eta hamabi ordu baino fiteago larrialdietan zegoen. Prebenenitzeko modurik onena txertoa da, baina ez da % 100 eraginkorra, Gorka txertatua baitago. Bakteria hori gure gorputzean egoten ahal da eta edozein momentutan lanean hasi, edo kutsatzen ahal zara… Edozeini pasatzen ahal zaio, baina ez genuen espero hain bortizki ezagutzea. Oroitzen naiz duela 17 urte neska bat hil egin zela Elizondon, eta hori zen ezagutzen genuena. Urtero hiltzen da jendea meningitisarekin, baina zuri tokatu arte ez zara konturatzen.

Goñi-Mendiburu familia, Gorkaren eritasunaren aitzinetik.

Gurekin Zaude elkartea sortu duzue berriki. Zein helbururekin?

Gorkari eta bere egoera berdinean dagoen edozeini laguntzeko helburuarekin sortu dugu elkartea familia eta lagunen artean. Izan ere, Gorkaren kuadrilla osoak eta haien gurasoek hasieratik izan dute laguntzeko nahia. Orain arte laguntza hori izan da animoak ematen, argazki eta bideoak bidaltzen, hor egoten… baina orain ekintzak antolatzen hasi dira dirua lortzeko.Elkartea Gorkan pentsatuz sortua da, baina edozeini laguntzeko prest dago: dirua biltzeko, gauzak antolatzeko… norbaitek momentu kritiko batean izaten ahal dituen beharrak asetzeko. Inor gelditu ez dadila zerbait izan gabe, ekonomikoki ezin duelakoz. 

Nora bideratuko duzue lortutako dirua?

Gorkak behar izaten ahal dituen gauza guziendako. Medikuek behin eta berriz erraten diote kirola egin beharko duela, eta konstantea eta zorrotza izan beharko duela jarduera fisikoarekin eta elikadurarekin, gorputza ahalik eta indartsuen izateko. Baina horretarako dena egokitua behar du; protesi bereziak, bizikleta nahi badu ere egokitua behar du, gurpil aulkia… Gizarte Segurantzak oinarrizko protesi edo gurpil aulkia ordaintzen ditu, baina aukerak nahiko mugatuak dira, batez ere kirola egiteko. Gure egoerara hobekien egokitzen direnak nahi baditugu, horiek guk ordaindu behar ditugu. Kontraerran bat da, kirola egiteko erraten diote, baina baliabiderik eman gabe. Horrez gain, terapia psikologikoa edo okupazionala, adibidez, Gizarte Segurantzak ez ditu bere gain hartzen ingresatua ez dagoen momentutik. Etorkizunean, noizbait eskolara bueltatzen bada, momentu honetan ezin du boligrafo bat hartu ere, edo gidabaimena atera nahi badu kotxe egokitua beharko du. Dena egokitu behar dugu.

Diru bilketa hasi eta ordu batzuetara gainditu zenuten 80.000 euroko helburua, baita biderkatu ere… nola hartu duzue?

Oraino ezin dugu sinetsi jendearen erantzuna. Hitzik gabe gaude. Bagenekien mundu guzia hor zegoela eta denbora guzian sentitu dugu bailara osoaren babesa, eta diru bilketa horren lekuko izan da. Baina guretako dirua bezain inportantea izan da babes psikologikoa, hartu ditugun animo mezu guziak. Baztandarren auzolana sentitu dugu. Esker mila.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gorkak berriz bizitzen ikasi behar du, eta orain arte planteatu ez duen guzia berrantolatzen: ikasketak, lana… bizitzen segitu behar du. Bertze edozeinek bezala, bere bizitza nonbaitetik bideratu behar du. Eta ingurukook berarekin batera ikasi beharko dugu; geure buruak, biziak, etxeak… dena aldatu da. Momentu honetan zaintzari ematen ari gara gure denbora eta baliabide guziak, baina momenturen batean normaltasunera bueltatu beharko dugu, normaltasun desberdin batera. Pixkana-pixkana eginen dugu, pauso bakoitza ongi finkatuz.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Osasun langileen lana goraipatu nahiko nuke. Iruñean ginenetik, medikuek beti erran digute Gorka bizirik dagoela Elizondoko Osasun Zentroan eman zioten antibiotiko horri esker. Hortaz, azpimarratu nahiko nuke zeinen inportantea den landa eremuan bizi garenok ere mediku bat beti hurbilean izatea. Hori gure aldarrikapena. Eta esker mila osasun etxeko langile guziei, behar izan dugunean eman dizkiguten erraztasun guziengatik, udaleko gizarte langileei, Gorkaren anaiaren ikastetxeko zuzendaritzari, irakasleei eta tutoreari… esker mila denei, egiatan. Oraino aste batzuk falta ditugu, baina fite bueltan izanen gara.

NOLA LAGUNDU DAITEKE?

Gorkari laguntzeko ekarpen ekonomikoak egiteko bi modu daude. Alde batetik, Gurekin Zaude elkarteak gofundme kanpaina hasi du Internet bidez, eta bertzetik, kontu korronte zenbakia ireki du: ES83 3008 0043 1157 5049 0426. Gainera, hainbat dira bere alde hasitako mugimendu solidarioak, bertzeak bertze txapak, kamisetak eta eskumuturrekoak saltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun