Gorka Goñirendako dirua bilduko dute Baztanen autonomikoko futbol partidan igandean Giltxaurdin

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 21a

Gorkari laguntzeko txapak salduko dituzte bere kuadrillako lagunek.

Sarreraren eta ostatuko diruaz gain, bertan txapak, kamisetak eta eskumuturrekoak erosteko aukera izanen da eta magra ere zozketatuko dute

Gorka Goñi Mendiburu elbetearrari laguntzeko elkartasun uholdea nabaria izan da azken aldian, eta igande honetan ere, maiatzaren 24an, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izanen da Elizondoko Giltxaurdi futbol zelaian. Baztan KE CD Lerinesen kontra arituko da 18:00etan, eta 17:00etan hasiko dira dirua biltzen.

Sarrera bortz eurotan erosten ahalko da (bazkideek borondatea) eta ostatuko dirua ere Gorkarendako izanen da. Gainera, kamisetak eta eskumuturrekoak erosten ahalko dira eta magra bat ere zozketatuko dute.

Kuadrillaren elkartasuna

Lagunarendako dirua biltzeko asmoarekin, Gorkaren kuadrillak egitasmo polita abiatu du: txapak sortu dituzte Gurekin Zaude elkartearen logoarekin. Elizondoko Herriak lagundu die txapak egiteko makinarekin eta materialarekin. Kuadrilla biltzen den txokoan lanean aritu ondotik, 1.000 txapa egin dituzte eta hiru euroren truke salduko dituzte Giltxaurdin. Erran dutenez, Baztango maila autonomikoko partiduetan arituko dira saltzen, eta salmentaren arabera, akaso txapa gehiago eginen dituzte leku gehiagotan saltzeko.

Futbol partidatik kanpo, Gurekin Zaude elkarteak dirua biltzeko gofundme kanpaina hasi du eta kontu korronte zenbakia ere ireki du: ES83 3008 0043 1157 5049 0426.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun