Joseba Otondo Bikondoa

«Bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu Euskal Herri osoan»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 7a

Bidasoko Bide Berdea Elizondora ailegatu dela ospatu eta bizikletazale elkarteak saretzeko, Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketa eginen dute maiatzaren 9an eta 10ean Elizondon

2021ean Udako Eskola Ekosoziala antolatu ondotik, hainbat baztandar elkartu ziren eta Baztango Talde Ekosoziala sortu zuten, «egun horietan egindako gogoetek ziztaturik, krisi ekosozialari tokiko mailatik erantzuteko helburuz. Gure inguruan horren gaineko kontzientzia piztu nahi dugu, bereziki klima larrialdiaz eta sistema ekonomiko kapitalistaren bidegabekeriez». Gaur egun, bortz pertsonako talde motorrak eta bertze 12 laguneko sareak osatzen du taldea, tartean Joseba Otondo elizondoarra.

Zer nolako jarduerak antolatzen dituzue zuen helburuak lortze aldera?

Denetik egiten dugu: mintzaldiak, ibilaldi gidatuak, tailerrak, bizikletaldiak, mural margoketak, eta proposamen zehatzen lanketak, bertzeren artean. Oraintxe, erran modu batez, bide berdearen Oronoz eta Elizondo arteko bidegurutzeen segurtasuna hobetzeko proposamena egin berri dugu. Horrelako proiektu zehatzak egiteko lan taldeak antolatzen ditugu.

Nolako erantzuna izaten dute proiektu horiek herritarren aldetik?

Jardueraren arabera gorabeherak egon badaude ere, erantzun ona izaten dute. Krisi ekosozialarekin lotuak diren gaiak Baztanen solasbide direla iduritzen zaigu, ez guk egiten dugunarengatik bakarrik, baina gure ekarpena ere hor dago.

Horren harira antolatu duzue Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketa Elizondon. Zer ospatu nahi duzue?

Zerbait ospatzekotan, Bidasoko Bide Berdea Elizondoraino ailegatu dela, eta horrekin batera, bizikletan seguru ibiltzeko azpiegituren hedapenak segitzen duela. Ea ondoko kolpean Erratzu eta Amaiurreraino ailegatzen den. Hortik haratago, bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzen duten Euskal Herriko elkarteek elkarlanean aritu beharra sumatu dute, esperientziak trukatzeko, elkar laguntzeko, baina bizikleta bidezko hedapenean eragiletza ahalmena handitzeko ere bai. Azken horretan aitzinatzeko hitzordua izanen da Elizondokoa.

Zenbat bizikletazale elkarte bilduko zarete?

Oraino ez dakigu. Sarean Euskal Herri osoko 30 elkarte inguru gaude. Eguneko hitzordu nagusietako bat Irundik abiatuko den bizikleta ibilaldia izanen da, eta horretan, elkarteek baino, nahi duten jende banakoek parte hartuko dute. Atsaldean eginen den batzarrean, hor bai, elkarteetako ordezkariak izanen dira.

«Bizikletazaleen antolakuntzak politika publikoetan eragiteko aukera ematen du»

Inportantea da elkarteen saretze hori?

Bai, arrunt. Bizikleta eguneroko garraiobide gisa bultzatzen duten herrialdeetan, herritarren antolakunde indartsuek duten garrantzia nabarmena da, Fietsrsbond Herbeheretan edo Dansk Cycklist Forbound Danimarkan, erran modu batez. Gurean sarea izanen da hasmentan, eragileen aniztasunari tokia egiteko. Hala, aipatu ditugun bizikletazaleen antolakunde indartsu horiek politika publikoetan eragiten dute, helburu eta erronka handiagoak bultzatuz. Euskal Herrira etorrita, zer egin eguneroko mugimenduen % 15, adibidez, bizikletaz egiteko? Nork pausatuko ditu horrelako erronkak? Eta nork bultzatuko norabide horretan? Bizikletazaleen elkarteek bederen bai.

Egunerokoan aunitz erabiltzen duzu bizikleta?

Bai. Mandatuak egiteko, haurra haur eskolarat eramateko… zernahitarako. Landa eremuko joan-etorri erdien banaz bertzekoa bortz kilometro baino gutiagokoa da, eta tarte horretan bizikleta arrunt erabilgarria da. Gainera, edozein adin eta baldintza fisikotan erabili daiteke.

Zein abantaila ekartzen ditu?

Aipatu dugun tarteetan eraginkortasuna, dudarik ez. Atetik atera joan zaitezke, fite, edozein karrikatan barna eta norat zoazen, hor bertan bizikleta utziz. Di-da. Horretaz gain, ariketa arinak ekartzen duen gozotasuna, gogoaren aireztatzea… Horiek norbanakoari buruz. Orokorrean begiratuta, autoak etxean utzi eta tarte horretan diren joan-etorriak oinez edo bizikletaz eginen bagenitu, herri airosoago, jostagarriago eta osasungarriagoak izanen genituzke.

«Baztandarren artean autoa da eguneroko garraiobide nagusia, bizikleta mugikortasuna sustatzeko espazioa berrantolatu behar dugu»

Baztanen, orokorrean, bizikletan mugitzeko ohitura dagoela erranen zenuke?

Ez, eguneroko garraiobide gisa ez, inondik ere. Autoa da nagusi. Bagara eguneroko aferak bizikletan egiten ditugunok, baina gutiengoa gara. Oixtiko bortz kilometroen tartea aipaturik, horrek erran nahi du Erratzutik edo Arizkundik Ordokiko lan eremurat bizikletan di-da joan zaitezkeela. Edo Elizondo eta Arraioz artean aski fite… Baina zenbat ibiltzen dira horrela? Bizikletan ibiltzeko ohitura izatekotan, haur eta nerabeek dute. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu oraingo autoak geroz eta handiagok direla, eta ageriko arriskua bizi dutela erabiltzaile horiek, gaztetxoenek batez ere.

Zer egin daiteke herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko?

Gaurgero toki guztietan ongi frogatua dago azpiegitura seguruak direla erabilera bultzatzeko giltzarria. Jendearen gehiengoa gibelarazten duena arriskuaren sentipena da, hortaz, bizikletan mugitzeko ingurune edo bide seguruak behar dira. Errateko erraza da hori, egitea zailagoa. Espazioaren berrantolaketa erran nahi du horrek, lehentasunak eta errotutako ohiturak aldaraztea, eta hortaz, arrangurak eta zalaparta sortzeko aukera ezin hobea. Guri aldaketaren bidean eragitea dagokigu. Herbeheretako eta Danimarkako herriak ikusirik, herri berde eta osasungarriagoak dira, herritarren neurrira eginak, eta kulturalki eta ideologikoki horri hurbiltzen ahalegintzen gara.

Akitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?

Klima larrialdi betean gaude, erregai fosilen menpekoak gara. Ataka horretan, eta eguneroko joan-etorriei buruz ari garela, bizikleta bidezko mugikortasuna eta garraio publiko kolektiboak mugitzeko modu ez kutsatzaileak dira, autonomia eta burujabetza handiagoa ematen dutenak, ingurune bizigarriagoak eta osasungarriagoak eginez. Horretan aitzinatzeko hainbertze baliabide behar ditugu, ea poliki-poliki sortzen ditugun: bizitegi blokeetan bizi direnendako parking azpiegitura publikoak; bide seguruak; Oronozko interkanbidorean bizikleten parking segurua, intermodalitatea bultzatzeko… horretarako, doike, herri bilduak behar ditugu, ez familia bakarreko etxeetan barreiatuak. Bistan da horiek denak eta gehiago ez direla egun batetik bertzera egiten, baina pedal kolpeka aitzinatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun