Baztango Talde Ekosozialak egitarau oparoa prestatu du maiatzaren 9an eta 10ean, herritar guziei irekia. Jarduerak hobe antolatu ahal izateko, galdetegia zabaldu dute eta maiatzaren 4a izanen da izena emateko azken eguna.
Larunbat goizean, 08:30etik aitzinera, bizikletazaleak Irundik Elizondorat abiatuko dira bide berdean barna Bidasoaren arro guztia korrituz. Ibilaldia denen neurrikoa izanen da eta poliki eginen dute, geldialdiak eginez Alkaiagako parkean 10:00etan eta Doneztebeko Intzakardin 12:00etan. Hala ere, taldearekin edozein tokitan bat egiteko aukera izanen da, norberak erabaki dezake nondik hasi.
Goizeko ibilaldiak iraun bizkitartean, bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko murala eginen dute Elizondon. 11:00etan, bertzalde, Oronoztik Elizondorat joateko bertze hitzordua izanen da, haur eta ttikiekin egiteko, edo bakoitzak nahi duen gisan. Pausatuki eta lasai aitzinatuko da taldea, eta bat egiteko aukera izanen da 11:30ean Arraiozen eta 11:45ean Loizuko bidegurutzeetan.
Bizikletan ibili ondotik, 14:30ean herri bazkaria eginen dute Elizondon, Merkatuko Plazako arkupeetan. Menu barazkijalea eskainiko dute 12,5 euroan, eta txartelak aitzinetik erosi beharko dira. 16:00etan bizikletaz mintzatzen diren kantuei buruzko solasaldi musikatua izanen da, Jon Mindegia musikariaren eskutik, Ahaztuen plazan. 17:00etan, berriz, bizikletari buruzko bakarrizketa aurkeztuko du Ainara Unanuak toki berean. 17:30ean Euskal Herriko bizikletazaleen elkarteetako ordezkariek batzarra eginen dute Arizkunenean. Eguna akitzeko, 19:00etan herrian barna bizikleta itzulia eginen dute, musikaz lagundua. Hitzordu guztiak herritar guztiei irekiak izanen dira.
Horrez gain, egitarauz kanpo, egun horretan Nafarroako txirrundularitza eskolen txapelketa eginen dute 16:00etatik 18:00etara, eta Odei Barroso rap kantariaren emanaldia izanen da Zapatilleran 18:00etan.
Azkenik, Elizondon lo egitera geldituko direnendako, eta bertze gisa ere hala nahi duten gainerako herritarrendako, igande goizean bizikleta ibialdi lasaia eginen dute Baztanen barna.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Elizondoko Herriari emandako laguntza ekonomikoarengatik.