Hastapenak
Nahia eta Julene Baylonek eta Miren, Txomin eta Joanes Altxuk osatzen dute Bizphiru Pelau: «senide, lagun eta lankideak gara, dena batera. Odolaz gain, musikarekiko gustuak lotzen gaitu, musikaz eta musikariz inguratuak hazi baikara».
2019aren bueltan hasi ziren taldea sortu nahian, «zerbait sortzeko gogoarekin ginen eta elkarrekin aukera bagenuela ikusten genuen. Etxean ere aunitz animatu gintuzten. Ez genuen aunitzik gehiago behar izan jotzera elkartzen hasteko eta kantuak prestatzen eta entseatzen hasi ginen poliki-poliki».
2020aren hasmentan, berriz, lehenbiziko kontzertua eman zuten Elizondoko Casino ostatuan. «Oroitzen naiz haiekin solastatu ginela han jotzeko eta arras urduri geundela. Kontzertua desastre hutsa izan zen, soinu ekipo eskasa paratu genuen eta arras gaizki aditzen zen. Hala ere, jende aunitz hurbildu zen eta harrera goxoa eman ziguten, Casino betea zegoen! Oroitzapen polita gordetzen dut».
Plazaz plaza
Pandemiak markatu zuen taldearen hasmentako ibilbidea, baina 2021etik aitzinerat hasi ziren kontzertuak ematen herriz herri, «hasmentan herri guti batzuetan, baina poliki-poliki toki gehiagotatik deitzen hasi ziren. Jendeak segituan izan zuen konfiantza gugan eta eskertzekoa da».
Taldekideak ere «denborarekin lanaren gorabeherak ikasiz eta neurria hartuz joan gara. Hasmentan sei ordu arte jotzen genuen eta batzuetan ez genuen deskantsurik ere egiten, leher eginda akitzen genuen. Azken urteetan jada gehienez lau ordu jotzen genituen».
Hala ere, «jotzea eta kantatzea gustatzen zaigunendako oholtza pauso bat harago da, eta lagunekin partekatzen ahal bada, hobe. Elkarrekin ez da hain beldurgarria. Gogo berdina dutenekin taldean elkartu eta jendearen aitzinean jotzera ausartzea polita da. Emozio aunitz pizten dira eszenatoki gainean».
Plaza ugari ezagutu dituzte, «eta badira aunitz harrera arras ona egin digutenak. Jendearen dantzatzeko gogoa da gehien eskertzen duguna eszenatoki gainetik». Izan ere, «jendea gustura eta dantzan badago sumatzen da eta gu ere kutsatzen gaitu, gozamena da. Leku aunitzetan pasatu zaigu hori: Elizondon, Betelun, Txokoton, Ezkarozen, Barañainen, Zigan… etxetik hurbil ere jo izan dugu maiz gusturen».
Agertokiaren gibelean
Eszenatokira ateratzeak prestaketa eskatzen du, baina Altxuk aitortu duenez, «kanta berriak sartzeko bakarrik egiten genituen entseguak. Denboraldia hasita, kanta guziak behin eta berriz jotzen genituenez, halabeharrez martxa hartzen joaten ginen. Taldearekin hasi ginenean bai entseatzen genuela gehiago, kanta guziak zerotik ikasi behar genituelakoz».
Kantak hautatzeko, hain zuzen, «inguruko bertze erromeriei erreparatu izan diegu. Saiatzen ginen ikusten nola funtzionatzen zuten, ze kanta aukeraketa egiten zituzten eta nola jotzen zuten… ez gara urrun joan behar izan. Errepertorio nahiko klasikoa izan dugu: rantxerak, euskal kanta ezagunak, ska pixka bat… ez dugu moldaketa lan handirik egin». Hala ere, «bertze estiloko kantaren bat jotzean ez zaigu aunitz kostatu gure eremurat eramatea. Dibertigarria da horren soinu desberdina duen zerbait zuk egiten duzunerat ekartzea».
Azken agurra
Gibelera begiratuz, «talde gisa momentu on aunitz pasatu ditugu, eta ez zertan eszenatoki gainean: auto bidaiak, muntaketa lanak, abiatu baino lehenagoko kafeak, jo aitzineko afariak, dantzaldi erdiko deskantsuak… horiek dira burura etortzen zaizkidan momentu hoberenak».
Baina denak du bere akabaila, eta abenduan iragarri zuen taldeak azken urtea zuela. «Bazen denbora jada aldaketa baten beharrean ginela, bertze gauza batzuen bila gabiltza eta horri lekua egin behar zitzaion. Erabakia ez da erraza izan baina badakigu hoberako dela, eta kontent gaude egindako bidearekin».
Gaur azken besta eginen dute: «ez dugu gauza handirik espero; lagunak, inguruko jendea eta besta egun polit bat, bertzerik ez. Gonbidapena luzatzen diogu nahi duenari ilunabar horretan Gizarte Bilgunerat hurbiltzera».
Etorkizunera begira, «jotzea aunitz maite dut eta seguru nago ez dudala denbora aunitz beharko musikaren inguruko bertze saltsaren batean sartzeko. Datorrena datorrela, gogoz hartuko dut».