«Sukaldaritza maite dut eta horretan egin nahiko nuke lan»Y. T. 17 urteko gazte MarokoarraEtxetik duela 9 hilabete atera bazen ere, leku ugaritan ibili da Elizondora ailegatu aitzinetik. Azaldu duenez, «Marokotik Frantziara joan nintzen hegazkinean, handik Belgikara, gero berriz Frantziara eta handik Bilbora. Lagun baten etxean gelditu nintzen bertan bi egunez, baina bere neskak etxetik bota ninduen eta adingabeendako zentro batera joan nintzen. Paperik lortu ezin nituenez Madrilera joan nintzen, baina han kontu bera, paperik ez. Ondotik Sevillara eraman ninduten, handik Iruñera, eta orain Baztanera». Marokorekin konparatuta, «arras desberdina» dela dio: «hizkuntza, arauak, jendea, polizia… baina eskualdea gustatzen zait, gustura nago hemen». Bere helburua, «bizitza lasai bat izatea. Sukaldaritza maite dut eta sukaldari bezala lan egitea gustatuko litzaidake». Izan ere, «nire herrian urte eta erdiz aritu nintzen jatetxe batean lanean». Hala ere, aitortu du «bertako platerak desberdinak izanik», oraindik ez dakiela ongi hemengo janaria nola prestatzen den, «baina ikasi nahi dut». Etorkizunean, berriz, «Marokora bueltatuko nintzateke familia, arreba eta ama bisitatzera, baina hemen bizitzen segitu nahi dut». |
«Baztanek nire sorterria oroitarazten dit, arras berdea da»M. B. 17 urteko gazte Aljeriarra2025eko azaroaren 15ean, gauerdian, Oran hirian pateran igo zen M.B., eta goizaldean ailegatu zen Almeriako kostara. «Handik Murtziara joan nintzen, gero autobusa hartu nuen Madrilera eta ondotik poliziak Iruñera eraman ninduen». Martzillako zentro batean sartu zuten lehenbizi, «baina hango mutilekin ez nintzen gustura, janaria zen gustuko nuen bakarra». Hemen, berriz, «ederki nago, nahiz eta janaria beti goxoa ez izan! Jendea atsegina da eta natura maite dut». Izan ere, sorterria arras berdea omen du, «eta Baztanen iduri handia du». Orain bere helburua «hizkuntza ikastea, paperak lortzea eta lanean hastea» da. «Edozein lan hartuko dut, baina jatetxe edo kafetegi batean zerbitzari moduan aritzea gustatuko litzaidake, edo motoarekin banatzaile gisa. Aljerian aunitz ibiltzen nintzen motoan!». Epe motzera, «nire bizitzaren arduraduna izan nahi dut, autonomia lortu. Izan ere, Aljerian dena nire kabuz egiten nuen, lana, mugitu, janaria prestatu… erantzukizun horiek berreskuratu nahi dut». Etorkizunean ere «hemen bizi nahiko nuke, Iruñean edo Bilbon. Iruñea gustuko dut bertako giroagatik, eta Bilbo hondartza hurbil duelako». Hala ere, «amari bisita egiteko itzuli nahiko nuke». |
«Argi dut hemen gelditu nahi dudala bizitzen»M. S. - 17 urteko gazte senegaldarraDuela hiru urte itsasontzia hartu eta Senegaldik atera zen, 14 urte zituela. «Itsasoan zazpi egun igaro ondotik Espainiara ailegatu nintzen», Kanariar uharteetara hain zuzen ere. Bertan bizi izan da azkeneko urteetan, joan den abenduan Elizondorat ekarri zuten arte. Aldaketa handia izan bada ere, ohituratzen hasia da eta Baztan gustuko duela dio, «jendea ona da hemen eta harrera etxea ongi dago». Momentu honetan, bere helburua «ikastaroren bat egitea» da, «gero lanean hasi ahal izateko». Etortzen dena gogoz hartuko badu ere, «aukeran, eraikuntzan edo jatetxe batean lan egitea gustatuko litzaidake». Aitzinera begira, «oraindik ez dut argi etorkizunean zertan aritu nahi dudan lanean edo zer eginen dudan, baina argi dut hemen gelditu nahi dudala bizitzen». |
«Formakuntza akitzea eta lanean hastea da nire helburua»K.K. - 18 urteko gazte ginearra2024an Ginea-Konakry utzi eta itsasontzian Fuerteventurara joan zen. Azaldu duenez, «handik hiru egunetara poliziak Kanaria Handira eraman ninduen, eta handik hegazkina hartu nuen hona etortzeko». Aldaketa handia izan dela dio, «Baztan arras desberdina da». Hala ere, «gustura nago hemen, ongi portatzen dira nirekin». Berak ere argi du bizitzeko lana egitea beharrezkoa dela, eta asmo zehatzak ditu: «formakuntza ikastaroak egin eta lanean hasi nahi dut, mekanikoa, elektrikaria edo zerratzailea izatea gustatuko litzaidake». Nafar Lansarearen formakuntza ikastaroetan bilatu ondotik, elektrizitateari buruzko formakuntza aurkitu zuen Donezteben, martxoan hasi da bertan eta «gogotsu» dagoela dio. Etorkizunera begira «lana egitea eta hemen bizitzen gelditzea da nire helburua». |