Joan den azaroan jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak Elizondon atzerritik etorritako adingabeak hartuko zituztela. Harrera zentro berriak erratekoak sortu zituen Baztanen, eta zurrumurruetarako bidea ireki zuen herritarren artean. «Gazte horiek kriminalizatzeko sortu daitezkeen zurrumurru eta diskurtso faxisten aitzinean» udal taldeak argi erran zuen; «gazte horiek ez dute beraien sorterria kapritxoz utzi, eta baztandarren laguntza behar dute. Tokiko eragileak zentroarekin elkarlanean arituz gero, esperientzia positiboa izan daiteke». Hori dela eta, jendea informatzeko solasaldi irekiak antolatu zituzten abendu hasmentan.
Abenduaren 9an hasi ziren etortzen lehenbiziko gazteak, eta urtarrilaren 15ean ailegatu zen azkena. Aljeriatik, Marokotik, Senegaldik eta Ginea-Konakrytik etorritako 20 mutil dira guztira, 17-18 urte bitartekoak. Benito Menniko Bertiz eraikinean, 10 laguneko bi apartamentutan hartu dituzte gazteak, gibelean lan talde zabala dutela. Horien artean, bertako gizarte langilea da Olatz Aizpiolea Lekuona irundarra. Azaldu duenez, «zentroaren izena berez COA Elizondo da, hau da, Behaketa eta Harrera Zentro bat da. Baina guri ez zaigu asko gustatzen izen hori, erresidentzia edo etxea nahiago dugu».
Zein da etxearen helburua gazte hauendako?
Gazteen integrazio soziolaborala da gure helburua. Alde batetik bertako jendartean egiten diren aisialdi jardueretan parte hartzea, bai kiroletan eta baita urtean egiten diren beste ekitaldietan ere. Adibidez, urtarrilaren 31n San Silvestrean parte hartu zuten batzuk. Bertzetik, erronkarik handiena laborala da, haientzako lana aurkitzea.
Zentroaren irekieraren berri izatean, jendearen artean zurrumurru eta kezkak sortu ziren Baztanen. Zer erantzunen zenieke?
Komunikabideetan hainbeste gauza esaten dira eta normala da, ulertzen dugu beldur eta kezkak sortzea. Baina aurreiritziak dira, ezezaguna denak beti beldurra ematen digu, eta ezjakintasunak oraindik gehiago handitzen du beldur hori. Guri pena handia ematen digu, zeren aurpegia eta izen abizenak jartzen dizkiozularik ikusten duzu itzal hori pertsona bat dela. Eta alde guztietan bezala, badaude pertsona onak eta pertsona txarrak. Baina aukera bat eman behar zaie, hurbildu, ezagutu.
Gizain Fundazioak kudeatzen du etxea. Nola aurkeztuko zenuke Gizain?
Nafarroako Gobernuak sortutako erakunde publikoa da, gizartean dauden beharrei erantzun bat emateko eta funtsezko zerbitzuen kudeaketa publikoa hobetzeko helburuarekin, kontrol handiagoa, gardentasuna eta arreta bermatuz. Gaur egun, Nafarroan behar handienetako bat da etortzen diren atzerritar gazteei harrera ematea.
Zer martxa duzue lantaldean?
20 hezitzaile ditugu lanean, eta txandaka aritzen dira; lau hezitzaile izaten ditugu beti, bi pisu bakoitzeko. Goiz, arratsalde eta gau, egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez, beti badago norbait etxean. Bertzetik ekipo teknikoa dugu: Javi koordinatzailea, Eren psikologoa, Itziar bitartekari soziokulturala, Said itzultzailea eta ni gizarte langilea.
Zer diote gazteek? Gustura daude Baztanen?
Denetarik dago. Esatea denak ezin kontentuago daudela eta dena zoragarria dela ez litzateke egia izango. Eskolara joaten diren gazteak bezala, badaude batzuk gustura joaten direnak eta beste batzuk ezetz, disgustatuak daudenak; nola etorri naiz ni hona?, hemen mendia besterik ez dago, ez dago ezer egitekorik… eta hori normala da baita ere. Hala ere, esango nuke orokorrean beraien diskurtsoa positiboa dela eta gustura daudela. Herritar batzuen aldetik harrera ona ikusi dute eta hori beraientzako energia dosi ikaragarria da, oso positiboa.
«Lana aurkitzea da gazteen erronkarik handiena»
Haiendako aldaketa handia da?
Bai, zalantzarik gabe. Zure jaioterria uztea; kultura, jendea, hizkuntza… hona etortzeko, aldaketa izugarria da. Gainera, hona etortzeko Martzillatik edo Iruñetik pasatu behar izan dute, eta hori ere aldaketa handia da. Iruñean jendea kalean noiznahi, parranda, festa… eta hau oso desberdina da. Batzuentzako talka handia izan da, baina beti esaten diegu hemendik hilabete batzuetara eskertuko dutela hemengo giroa.
Lekua aproposa da gazteendako?
Baietz esango nuke. Egia da eraikin hau lehen Benito Menniko instalazioen parte zela eta oheak, adibidez, ospitalekoak direla, bere gurpil eta aparatu guztiekin. Hasieran galdetzen ziguten ea ezin genituen oheak aldatu… Baina bestela lekua ongi dago, gela propioa edo partekatua dute, bakoitza bere komunarekin eta bere pribatutasunarekin.
Zein asmo edo motibazio dituzte etorkizunerako?
20 nerabe izanda, pixka bat denetarik. Gehien-gehiengoak lana egin nahi du, askok haien herrialdetan gaixo dauden senitartekoak dituzte eta dirua bidali nahi diete medikazioa ordaintzeko. Baina lanean hasteko haien egoera administratiboa erregularizatu behar da lehenbiziko eta hori luzatu egin daiteke. Bi gazte lanean ditugu Malerreka Commonsekin eta gainerakoak kurtsoak egiten ari dira zerbait aurkitu bitartean. Izan ere, ez da batere erraza haientzako lana aurkitzea, baina saiatu behar dugu. Bertzetik, ikasi nahi duten 4-5 gazte ere baditugu, oso zentratuak ikasketetan. Badakite geroz eta gehiago ikasita orduan eta lanpostu hobeagoa eta soldata handiagoa lortuko dutela, eta horretara bideratu nahi dute haien bizitza. Horiek Lekarozko institutuan hasi dira eta oso kontent etortzen dira egunero klasetik.
Noiz arte gelditzen ahal dira etxean?
Hau ez da bertze zentroak bezalakoa, normalean COA batean 18 urte betetzen dituztenean emantzipazio pisuetara edo kanpora joaten dira, beraien ibilbidearen arabera. Baina hemen egoera desberdina da, preautonomia izeneko errekurtso bat da hau eta 21 urteak arte geratzen ahal dira. Gure helburua haiek lana lortzea baldin bada, ez du inongo zentzurik 18 urterekin kaleratzeak.
Egonkortasuna lortzean eta etxetik alde egitean, gehiago etorriko dira?
Bai, etxeak 20 plaza ditu eta plaza horiek beteak egon behar dute. Baina plaza horiek betetzeko filtro batzuk pasa behar dira; hona datorren nerabeak ez dauka jarrera arazorik. Jarrera arazoak dituzten nerabeek bertze errekurtsoak dituzte. Nafarroako Gobernuak profilaren arabera aukeratzen ditu gazteak, baina hona arazoak dituen gazte bat ailegatzen bazaigu, guk jakinarazi behar diogu bere errekurtsora bideratzeko. Egia da guk aldez aurretik saiatu behar dugula heziketa lanak egiten, hori baita gure eginbeharra. Ulertu behar da, eurek daukaten motxilarekin, batzuetan jarrera txarrak ateratzen direla. Ez dira gaizkileak, baina ezinegon horrek eramaten ditu jarrera txarrak izatera, eta horrekin laguntzea da gure lana. Baina jarrera txar horiek serioak baldin badira, hau ez da beraien errekurtsoa; badira horretarako prestatuak dauden bertze batzuk.
«Hona datorren nerabeak ez dauka jarrera arazorik»
Euskararekiko interesa erakutsi dute?
Martzillatik eta Iruñetik etorri zirenez, haiek burutan gaztelania bakarrik zuten, eta batzuk oraindik ikasten ari dira, ez dakite ongi. Baina etorri ziren lehenbiziko egunetan, hezitzaile batekin hizketan ari nintzela, harrituak gelditu ziren, eta azaldu genien ez ginela gaztelaniaz ari, euskaraz baizik. Orduan piztu zitzaien interes eta jakin-mina. Kanpora atera ginenean, ogia erosi behar genuela, galdetu ziguten ea nola eskatzen ahal zuten euskaraz. Okindegian sartu ziren eta lau ogi, por favor. Horrez gain, sukaldean kartel batzuk jarri ditugu euskarazko hitzak ikasteko: kaixo, zer moduz… halako gauza txikiekin sartzen diegu euskal giroan. Institutuan hasi direnek euskarako irakasgaia dute, eta egunero etortzen dira esaldi berri batekin, atzo itxi atea, faborez, lehengo egunean nik 17 urte ditut… Oso kontent etortzen dira, eta diote euskara ikasiko dutela langileok gure artean hitz egiten dugunean esaten ari garena ulertzeko. Eta hori aditzean, gainerako gazteek ere interesa erakusten dute.
Hizkuntza ez ezik, kultura eta tradizio berriak dira haientzako.
Bai. Adibidez gabonetan saiatu ginen azaltzen Olentzero nor zen, nola ospatzen dugun hemen, eta inauteriekin berdin, mozorroak zer diren. Baina gu ere haien kulturez interesatzen gara. Hartu-eman bat da.
Hizkuntza, tradizioak… garrantzitsuak dira integraziorako?
Noski baietz. Ni irundarra naiz, baina langile aunitz hemengoak dira; Erratzukoak, Oronozkoak, Elizondokoak… eta iruditzen zait hemen Baztanen tradizio eta ohitura oso politak daudela. Adibidez, inauteak bizitzeko modua oso polita da, eta nik uste hori transmititzen diegula eta beraiek ere sentitzen dutela.
Zer egin dezakete baztandarrek gazteen integrazioan laguntzeko?
Lan bat ematea bikaina izango litzateke! Baina aldez aurretik, aukera ematea eta beraiengana hurbiltzea. Askotan ez gara kontziente gure jarrerarekin ateak ixten ditugula. Horregatik, pixka bat irekitzen saiatu behar dugu; begiradak, hizketan egiteko lehenengo pausoa ematea… eguneroko keinu txikiekin lagunduko diegu ongi etorriak sentitzen.