«Plazaz plaza ibiltzea» da proiektuaren ardatzetako bat, «eta Euskal Herria bertze modu batera ezagutzeko aukera eman digu: herriz herri, tokian tokiko errealitateak ezagutu ditugu eta bertako jendearekin harremanak sortu». Harrera «beroa eta hurbilekoa izan da hasmentatik, eta horrek zentzua ematen dio egiten dugunari».
Horrez gain, marka berritzea «ezinbertzekoa» dela dio; «urtero ideia eta diseinu berriak eskaintzea erronka bat da, baina aldi berean motibazio iturri handia. Gure herria da inspirazio nagusia: mendia, itsasoa, ohiturak eta gure nortasuna. Horrez gain, lehenbiziko momentutik kalitatezko materialekin lan egitea izan da gure lehentasuna, eta erantzuna arras positiboa izan da».
Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan gure ondoan egon direnei: animoak eman, lagundu, gure produktuak hautatu eta iritzi eta ideiak partekatu dizkiguten guziei. Herriarentzat sortu genuen marka, eta ezinbertzekoa da guretzat herriarekin dugun lotura hori bizirik mantentzea».