Ttipi Txartela

«Haurdunendako programa berria martxan dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 18a

«Jende aunitzek» eman du izena aurten Arizkungo Mugarki kiroldegian, Arantxa Blanco zuzendariak adierazi duenez, «klaseetan, rokodromoan eta baditugun programetan ere, Mugarki Osasuntsu eta 65 urtetik goitikoendako».

Gainera, «joan den urte akabailan haurdunendako programa sortu genuen eta horretan ari gara orain. Lehenik haurdunarekin biltzen gara eta elkarrizketa bat egiten diogu bere kasua ezagutzeko; lehen haurdunaldia duen edo ez, jarduera fisikoan esperientziarik duen, patologiarik… Ondotik balorazio fisikoa egiten zaio bere egoera ezagutzeko. Hori oinarritzat hartuta prestatzen dugu bere entrenamendu plana». Astelehen eta asteazkenetan biltzen dira «eta taldean haurdunaldiaren fase guztietan dagoen jende dugu, lehenbiziko hiruhilekotik hirugarreneraino. Klasea bakoitzaren egoerari eta bilakaerari egokitzen da, eta haurdunaldiaren edozein momentutan has daiteke». Indarra eta kardioa lantzeak «aunitz laguntzen die erditzerako prestatzen eta erditu ondoko errekuperazioan».

Horrez gain, «jendeak eskatzen duenaren arabera egiten ditugu gara aldaketa eta klaseen orduak zabaldu ditugu goiz eta arratsaldez». Gainera, jarduera berri bat sartu dute: step. «Aunitzek eman dute izena eta dirudi harrera ona izan duela jendearen artean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun