Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta ORONOZ aldi baterako enpresa elkarteak Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxea eraikitzen hasteko akta sinatu dute gaur goizean. Construcciones Mariezcurrena SM eta Excavaciones Fermín Oses SM enpresek osatu dute elkartea eta 30 hilabeteko epea izanen dute lanak egiteko. Bertzetik, Peralta Ayesa SMP enpresak idatzi du proiektua eta lanen zuzenketaz arduratuko da. Azkenik, Magdalena Bengoetxea Felipe arkitektoak zuzenduko du segurtasun eta osasun koordinazioa eta exekuzioa.
Ikastetxe berria Nafarroako Gobernuak orain arte sustatutako hezkuntza azpiegitura handiena izanen da, 21.961.543,43 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eta 7.375 metro karraturekin.
13 heziketa ziklo
Hezkuntza Departamentuak jakitera eman duenez, 13 heziketa ziklo presentzialek osatuko dute Oronozko LHko zentro berriaren eskaintza. Eskaintza hori Baztan-Bidasoko udalek eta ikastetxeek egindako proposamenean oinarritzen da. Proposamena eskualdeko hezkuntza komunitatearekin eta toki entitateekin adostu zen:
- Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bat (Ostatu eta Garbiketa Laguntzailea)
- Oinarrizko LHko bi ziklo (Bulegoko Informatika eta Metalezko Elementuen Fabrikazioa)
- Erdi Mailako bortz ziklo (Administrazio Kudeaketa, Mantentze Elektromekanikoa, Erizaintzako Zaintza Osagarriak, Mekanizazioa eta Nekazaritza Ekologikoko Produkzioa)
- Goi Mailako lau ziklo (Administrazioa eta Finantzak, Industria Mekatronika, Gizarteratzea eta Zuzendaritzari Laguntzea).
Euskara hutsean emanen dira gradu guztiak, eta ahal diren guztiak goizez, espazioen erabilgarritasunaren eta matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera.
Ingurune naturaleko eta astialdiko erdi mailako gidariaren prestakuntza zikloa Lekaroz BHIn eskainiko da. Horretarako, behar diren egokitzapen guztiak eginen dituzte, eta esku hartzeak zentro berria abian jartzen den unera egokituko dira. Basogintzako eta natura inguruneko kudeaketako goi mailako graduari dagokionez, Nekazaritza ekologikoko erdi mailako prestakuntza zikloaren lehen promozioa akitu ondotik ezarriko da, «eskualdeko hezkuntza, lan eta gizarte beharrek hala justifikatzen badute».