Lanbide Heziketako murrizketak salatzeko itxialdia egin dute Elizondo Lanbide Eskolan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 4a

Itxialdian hartutako irudia.

Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleek itxialdia egin dute Elizondoko ikastetxean, atzo 16:00etan hasi eta gaur 08:30era arte. Horren bidez, salatu dute «Nafarroako Hezkuntza Departamentua hartzen ari den neurriek Lanbide Heziketaren kalitatea arriskuan jartzen dutela».

Iñigo Gorrotxategi eta Martin Berrizbeitia irakasleek adierazi dutenez, «Lanbide Heziketaren kalitatea eta ikasleen hezkuntza prozesua bera kolokan daude Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Kontseilariaren azken erabakiekin». Ildo horretan, hiru atzerakada nagusi azpimarratu dituzte:

  • Inbertsio falta: «2026an Nafarroako Gobernuak BPGaren % 3,76 baino ez du bideratuko Hezkuntzara, iazko % 3,9aren azpitik eta Europako Batasunak gomendatzen duen % 6tik arras urrun».
  • Ratioen igoera: «ikasgela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua 20tik 24ra igo dute, irakaskuntza zuzenaren kalterako».
  • Praktiken kudeaketa: «ikasleen praktikaldiak kudeatzeko praktiketako tutoreen orduak murriztu dira. Neurri horren ondorioz, aunitzek ordubete baino gehiagoko joan-etorriak egin beharko dituzte praktikaldietara ailegatzeko, edo beren arloarekin loturarik ez duten praktikak onartu beharko dituzte. Are larriagoa dena: ikasle aunitz arrisku bizian daude DUAL edo LTP praktikaldiak egin gabe gelditzeko».

Gehitu dutenez, «Nafarroako egungo egoera legez kanpokoa da, estatuko araudiak talde bakoitzeko tutore bat eta gutienez ordu bateko lan karga exijitzen baititu». Hori guztia dela eta, Baztan-Bidasoako Lanbide Heziketako kideek mobilizazioak «intentsifikatzeko» deia egin dute: «Nafarroako Gobernuak eta Hezkuntzako Kontseilari jaunak jakin dezatela: Lanbide Heziketaren beharrak aintzat hartu arte, mobilizazioei tinko eutsiko diegula».

Azkenik, STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hezkuntza publikoaren alde egindako deialdiarekin bat egin dute. Otsailaren 28an manifestazioa eginen dute Iruñean, 12:00etan Hezkuntza Departamentuaren egoitzatik abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun