Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Erratzun bizi den eta saltsa aunitzetan sartzea gustatzen zaion mutikoa.
Zein dira zure zaletasunak?
Motorra, musika eta lagunekin momentuak pasatzea.
Gizakunde ospatuko duzue larunbatean. Noiztik aritzen zara antolakuntzan?
Ez dakit seguru, baina hamar bat urte bederen, erraten ahal da. Aurten berrikuntzak baditugu Gizakunden eta Gorostapolotik abiatuko da Arizkundik beharrean.
Galdua eta berreskuratua izan zen besta da, ezta?
Jo ala jo kultur taldea goraipatu beharra dut! Beraiek berreskuratu baitzuten besta, eta guk horren segida hartu dugu, formatu berdinean.
Zer du berezi besta honek zuretako?
Formatua eta erranahia. Gauez, joaldunek, damak, ziztulariak, hartza eta hartzazaina, sagar dantzariak, mozorro beltz eta xuriak suaz lagundurik desfilea egiten da, burrunba eta dantza artean mamurruak uxatu nahian. Eta akabailan, Jantziloren epaiketa.
Lan handia izaten da dena antolatzen?
Ez sobera. Desfilean parte hartzeko jendea lortu behar da, antzerkia pixka bat antolatu, larruak prestatu eta otordu pare bat antolatu.
Jende aunitz animatzen da?
Gero eta jende gehiago animatzen da parte hartzera eta baita ikustera ere. Joan den urtean desfilean 60 bat lagun ginen, eta ikusleak ezin kontatu!
Zerbait hobetuko zenuke bestan?
Jende gehiago animatzea desfilean parte hartzera, eta ez bakarrik gaueko bestara!
Zer nahiago duzu, Gizakunde edo inauteak?
Biak! Gizkaundek xarma eta kutsu desberdina du: folklorea, gaua, burrunba, aurpegiak tapatuak… Inauteak berriz egun argiz izaten dira, koloretsuagoak.
Urte aunitzetan antolakuntzan segituko duzu?
Baietz espero dezagun, seinale ona izanen da eta!
Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?
Kulturalki, nondik gatozen eta norat joan nahi dugun jakitea eta zabaltzen saiatzea.