Parean elkarteko kidea da Miren Lantz, izatez irundarra baina «izokinak bezala Bidasoan goiti eta beheiti ibilia; aita beratarra, Lesakan hezitua, haurtzaro gehiena Hendaian igaro nuen eta orain Aurtitzen bizi naiz». Gaztetan Irungo Bilgune Feministan militatu ondotik, «duela sei bat urte gure militantzia profesionalizatzea erabaki genuen eta Parean elkartea sortu genuen». Orain hori du bere lanbidea.
Zer da Parean?
Genero ikuspegiko proiektuak egiten dituen elkartea da, feminismoa ardatz duena. Udalentzako kontratazio lanak egiten ditugu, Baztango kasuan bezala, baina baita proiektu propioak ere, normalean dirulaguntzen bitartez: emakumeen memoria historikoaren berreskurapenean, hezkidetza tailerrak eskoletan, Antxeta irratian saio bat egiten dugu… betiere genero ikuspegia txertatzeko asmoz.
Zein beharretatik abiatuta sortu nahi da amen taldea?
Emakume aunitzi gurutzatzen dien errealitatea da amatasuna. Bizipen bortitza da, bereziki hastapenean, bizitza aunitz aldatzen dizu eta aunitzetan bakardadean bizitzen da, hagitz espazio pribatuan. Honen inguruan hutsune handi bat ikusten genuen; hazkuntzari begira liburu eta eskaintza ugari ditugu, baina emakume bezala nola eragiten digun lantzen dituen hausnarketa eta espazioak falta genituen. Hortaz, elkartean duela lau bat urte abiatu genuen amatasunaren lan ildo berria, ikusten genuelako feminismoaren barnean ere gaia beti zokoratua eta eztabaidatsua izaten zela, desorosotasuna sortzen zuela, ez zuela diskurtso edo helduleku feminista bat. Baina gu ez ginen bakarrak izan, boom moduko bat izan zen orduan eta eskaintza eta prozesu aunitz abiatu ziren; Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren M ama*, eme*, ume* liburua, Emaginek (Ez) amatasunak jardunaldiak antolatu zituen, horren inguruko filmak ere hasi ziren… gaia mahaigaineratzeko beharra zegoen. Azken urteetan horrelako taldeak aunitz areagotu dira, Baztanen martxan jarri nahi duguna bezalakoa; emakumea ardatz duten konpartitzeko espazioak. Baztanen kasuan, gainera, Amartean zikloa egin zuten joan den urtean eta lan ildo horri segituz sortu dute orain taldea.
Beraz, nori zuzendua egonen da?
Amatasunaren gaia ikuspegi feminista batetik landu nahi duen orori. Nagusiki emakumeei eskainia dago eta orain arte izena eman duten guztiak amak dira, baina ez da talde itxia; ez amatasuna ere gai inportantea da eta horrek ere bere lekua izanen luke edozeinek parte hartu nahiko balu.
«Amatasunean dena ez da xuria edo beltza, oreka bilatu behar dugu»
Amatasuna ikuspegi feministatik landuko duzue. Zer da amatasun feminista?
Pertsonala politikoa ere badela erraten da maiz eta gure kasuan hala izan zen; elkarteko hiru kideak ama izan ginenean konturatu ginen nolako prozesu bortitza den amatasuna. Feminismoan badira gai konkretu batzuk, prostituzioa adibidez, hagitz polarizatuak daudenak. Ematen du dena dela A edo B, eta zuk posizionatu egin behar duzula. Amatasunaren kasuan bi ereduk hartu dute indarra azken urteetan: alde batetik, emakume liberalarena, normalean pribilegio egoera batetik datorrena, ibilbide profesionalari eta bizitzako bertze aspektuei uko egin nahi ez dion superwoman figura -ez dela egia-. Bertzetik, hazkuntza erdigunean jartzen duen eredua dago, gainerako guztia geldiarazten duena eta denbora guztia haurrari eskaintzen diona. Ematen du ama bihurtzean master bat egiten duzula denean: homeopatian, fisioterapian, psikologian, pedagogian… denaren jakitun izan behar duzu. Amatasuna dikotomiaz beteta dago: titia bai ala ez? aulkitxoa edo porteoa? haurrak gurasoekin lo egitea edo aparte? Badirudi bi alderdi daudela eta bat aukeratu behar duzula. Baina errealitatea ez da hori, tartean gaude denak, gure baldintzekin ahal dugun bezala bizirauten. Gure artean kontran aritu beharrean, elkar ulertu, lagundu eta konpartitu beharko genuke. Hor feminismoak badu ardura gaia mahai gainean jartzeko eta argi uzteko erabakitzeko libreak izan behar dugula eta dena izan daitekeela baliozkoa.
Eta zer egin daiteke hori lortzeko?
Baztango prozesuaren kasuan, talde nahiko autonomoa izateko asmoa dugu, gu hor egonen gara erantzunak emateko baina intrusismorik gabe. Hala ere, dinamika batzuk prestatuak eramaten ditugu, beti saiatzen gara erlatibizazio ariketa bat egiten, ulertzeko dena ez dela beltza edo xuria, eta bereziki ahizpatasuna lantzen dugu. Taldeak borondate hori baldin badu, barnera begiratzeko izaera har dezake, talde terapia kutsukoa, eta hain zuzen lehenbiziko fasean hori izaten da normalena, barnea husteko espazio bat. Baina gogoa baldin badute ere, kanpora begira jarri eta aldarrikapenerako taldea izan daiteke, izan ere gai pila bat gizarteko arazo estrukturalak dira eta ongi dago hori plazaratzea.
Zergatik da hain garrantzitsua amen saretze hori?
Erraten da XXI. mendeko amatasunaren trinitatea hau dela: bakardadea, epaiketa eta kulpa. Ama bihurtzean, momentu batean edo bertzean eta intentsitate haundiago edo ttikiagoarekin biziko dituzun hiru gauza dira, bai ala bai. Saretzean horri aurre egin nahi diogu, bakardadetik ateratzea, elkarri ulertzen eta enpatiaren bidez epaitua ez sentitzea eta kulpa ahal den neurrian gainetik kentzea.
Gauza aunitz aldatzen ari dira gaur egun. Gizartearen aldetik epaiketa horrek berdin segitzen du?
Gauzak aldatzen ari dira. Sare sozialei begiratuta, adibidez, Instagramen hastapenetan publikatzen zen guztia hagitz idilikoa zen, eta amatasunean ere gauza bera gertatzen zen: familia perfektua erakusten zuen. Baina pandemiaz geroztik kontrako bilakaera izan du, eta orain amatasun errealak erakusten dira. Horrek aunitz lagundu du, baina aldi berean uste dugu amatasuna nolabait deabrutu duela, bizipen beldurgarria balitz bezala irudikatuz. Guk beti erraten dugu: amatasuna bere horretan ez da bizipen txarra, itogarria dena gure sistema da. Gizartea, orokorrean, ez dago zaintzarako prestatua. Hortaz, oreka bilatzen saiatzen gara beti; munduarekin haserre dagoen horri buelta ematen lagundu eta idealizatuta duen horri ere lurrera ekartzen saiatu.
Amatasuna dikotomiaz beteta dago eta balantza aurkitzea da gakoa?
Bai, oreka, elkar ulertzea eta saretzea. Baztan-Bidasoko kasuan, landa eremua izanik, saretzea modu naturalagoan gertatzen da, denok elkar ezagutzen baitugu. Baina hirietan horren hutsune handia bada, indibidualismoa irauli eta komunitatea sortzeko beharra. Komunitate osasuntsu eta saretu batean biziko bagina horrelako taldeak ez lirateke beharrezkoak izanen, baina tamalez gaur egungo munduan beharrezkoak dira.
«Taldearen gogo eta beharren arabera eginen dugu bidea»
Nolako dinamika izanen du taldeak?
Urtarriletik ekainera bitarte hilabetero saio bat eginen dugu, hilabeteko azken ortzegunean gehienetan. Aldi berean haurrentzako zerbitzu bat eskainiko da, haurrak norekin utzi ez duten emakumeei parte hartzea errazteko. Haur ttiki-ttikiak dituztenentzako ere haurrarekin etortzeko prestatuak egonen dira saioak. Taldea osatzean ikusiko dugu taldekideek zein gogo eta behar dituzten eta horren arabera eginen dugu bidea. Ez du konpromiso itxi bat suposatu behar, ulertzen dugu izena emateko interesa duten pertsonek egoera ezegonkorra izan dezaketela eta saio batera agertzea posible ez badute ere, hurrengora etor daitezke. Ahal dela talde finko eta sendoa sortu nahi dugu, baina malgutasuna eskainiz. Hortaz, jendea animatu nahiko nuke parte hartzera, Baztango Berdintasun Zerbitzuari deituz edo idatziz gero oraindik izena emateko garaiz daude.
Zer espero duzu ateratzea talde honengandik?
Azken urteetan bertze herritan ere egin ditugu taldeak eta dugun esperientziagatik pentsatzen dut talde honek, lehenengo aldia izanik, barnera begiratzeko eta elkar ezagutzeko prozesua izanen duela. Baina auskalo, beharbada kanpora begira aritzeko motibazioa ere izanen dute. Garrantzitsuena konfiantza eremu bat sortzea da, eta horretarako oinarri batzuk ezarriko ditugu, espazio segurua izan dadin denontzat. Talde bakoitzak erabakitzen du zein ezaugarri jarri nahi dizkion eta hortik abiatuta, atera behar dena atera dadila.
Amartean amatasun taldea |
|
Sei saio presentzial izanen dira eta hilabetean behin Arizkunenean bilduko dira, 17:00etatik 18:30era:
Izena emateko eta informazio gehiagorako: 613 003 634 zenbakia, galdetegia eta berdintasuna@baztan.eus helbidea. |
