Amartean amen taldea abiatuko dute urtarrilaren 29an Baztanen

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 15a

Talde irekia izanen da eta hilabetean behin bilduko dira ekainera arte. «Amatasunen bizipen anitzak partekatzea, emozioak lantzea eta zaintza kolektiboaren ikuspegitik sareak ehuntzea» izanen du helburu

Baztango Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak Amartean ama talde egonkorra martxan paratuko dute urtarrileko azken ortzegunean, interesa adierazi duten pertsonekin elkarlanean eta PAREAN elkartearen gidaritzapean. Joan den urtean egindako Amartean zikloaren «balorazio positiboa» egin dute, eta «amatasunen inguruan hausnarketa partekatua eta sostengu kolektiboa lantzeko beharra agerian gelditu da». Behar horri erantzuteko sortu dute taldea.

Sei saio presentzial eginen dituzte eta Arizkunenean bilduko dira, 17:00etatik 18:30era, hilean behin. Lehenbiziko saioa ilbeltzaren 29an izanen da, ondotik otsailaren 26an, martxoaren 26an, apirilaren 23an, maiatzaren 28an eta ekainaren 28an. PAREAN elkarteak dinamizatuko ditu saioak, «ikuspegi profesional eta feministatik».

Taldea irekia izanen da «amatasun feministetan interesa dute ama guziendako, parte hartzeko prest daudenendako eta espazio seguru baten irizpideak errespetatuko dituztenendako: konfidentzialtasuna, errespetua, entzute aktiboa eta epaiketarik eza».

Antolatzaileek azpimarratu dute «ekimen honek ez duela erantzun bakarrik ematen, baizik eta galderak elkarrekin pentsatzeko eta amatasuna bakardadetik ateratzeko aukera eskaintzen duela». Hortaz, interesdun guztiak izena ematera eta parte hartzera animatu dituzte. Horretarako hurrengo galdetegia bete beharko dute. Informazio gehiagorako eskuragarri dago Berdintasun Zerbitzuko 613 003 634 telefono zenbakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun