Joxean Etxeberria aizkolari zigatarra borzgarren apusturako prest

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 18a

Joxean Etxeberriak desafioa luzatu du. Norbaitek onartzen badu bere borzgarren apustua izanen litzateke eta orain arteko guziak irabazi ditu.

Martxoan eta maiatzean jokatutako bi apustuak irabazi arren, osasun arloan ez da urte xamurra izan aurtengoa Joxean Etxeberria Zigako aizkolariarendako. Ondorioz, Euskal Herriko txapelketan ez zen ongi aritu eta bigarren mailara jautsi zen eta Nafarroako txapelketan ez zuen parte hartzerik izan. Egoera honi buelta eman eta apusturako deia egin du orain, aizkolari guziei irekia, bortzi izan ezik.

Abenduaren 21ean, igandean 18:00etan paratu du hitzordua Tolosako Kantabriko ostatuan. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Hodeio Ezpeleta, Eneko Otaño eta Julen Alberdi izan ezik, bertze aizkolari guziei egin die desafioa Etxeberriak. Bertan erabakiko du egin beharreko lana, noiz eta non eginen den apustua eta jokoan jarriko den dirua.

 

Borzgarren apustua

Joxean Etxeberriarendako borzgarren apustua izanen da eta orain arte jokatutako guziak irabazi ditu. Lehenbizikoa 2017ko abenduaren 30ean egin zuen Azpeitiko zezen plazan, Zalduaren kontra, aizkoran eta lasterka. 2019ko otsailaren 24an Donezteben aritu zen Eloi Kortxeroren kontra, lau oinbiko eta zortzi kanaerdikotara.

Aurten, bertze bi apustu egin ditu, biak Donezteben. Martxoaren 8an Jokin Urretabizkaia Basozabal menperatu zuen hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako sei enbor mozten eta maiatzaren 31n Julen Gabirondori irabazi zion, 60 ontzako hamasei enbor mozten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun