Joxean Etxeberria Osakar (Zigako Sabatenea, 1995ko azaroaren 23a) aizkolaria hizpide izan da aurten, irabazi dituen bi apustuengatik. Hogeita hamar urte eginen ditu urte hondarrean eta bere bidea egin du eta egiten ari da aizkoraren munduan. Ikasketaz administrari den arren, sortetxea duen Sabatenea baserriko lanetan ere buru-belarri aritzen da eta Zigako alkate ere izan da lau urtez. Aita Felix Etxeberria sunbildarra du, aizkolari ezaguna izandakoa bera ere eta ama Zigako Sabateneko alaba, Mari Tere Osakar. Bera baino urtebete gazteagoa den arreba ere badu, Kontxi. Etxeberriak aipatu digunez, «duela urte eta erdi egin nuen abeltzain gazteei zuzendutako ikastaroa eta baserrian gelditu naiz. Elizondo Lanbide Eskolan administrari ikasi nuen. Baserritik kanpo lau orduko lanaldian ere aritu naiz praktikak egiten Olloki tailerrean, administrari bulego batean, baina orain baserrian bakarrik ari naiz. Garai batean ardiak izaten genituen, baina orain behiak ditugu, 40 bat. Poni eta ardi batzuk ere baditugu, baina esplotazioa behiena bakarrik da, haragitako behiak».
Noiz hasi zinen aizkorarekin? Zer neurritan Felix Etxeberriaren seme izateak bideratzen zaitu aizkora hartzera?
Ez dakit neronek ere noiz hasi nintzen. Ez dut gogoan aizkoraren inguruan ibili ez naizen garairik ere. Ttikitatik aitarekin joaten nintzen toki guztietara. Hasi-hasi, lehenbiziko aizkora kolpeak hamaika bat urterekin edo eginen nituen eta lehian hasterakoan 15-16 urte izanen nituen. Felix Etxeberriaren semea izateak badu zerikusi handia, noski, baina aizkora hartzera baino gehiago, kirolerako, orokorrean. Kirolariz inguratua ibili da beti aita eta haien inguruan ibili naiz ni ere, zer ikusi, hura ikasi. Gure etxean ez dugu bertzerik ikusi, kirola.
«Ttikitatik ez dugu bertzerik ikusi etxean: aizkora eta kirola»
Beti ere, errazagoa izanen da aizkolari izatea Malerrekan edo Baztanen, Bilbon edo Iruñean baino?
Bai, dudarik gabe, aunitzez errazagoa. Inguruan ikusten duzunak badu eragina, ttiki-ttikitatik ez dut bertzerik ikusi eta horrek laguntzen du, nahiz eta Baztanen baino afizio gehiago baden Malerrekan. Baina Baztanen ere entrenatzeko eta ez gaude gaizki. Egurra badugu inguruan, Artesiaga aldean bada pagoa… Gehienetan Sunbillako Paco Alzuriri erosten diot egurra. Bilbotar batendako hori zailagoa da, aritzen dira, baina ez da hain erraza.
Baserriko lanetan aritzeak, ez dakit zein neurritan lagundu edo oztopatzen duen aizkoran aritzeko… Lan lotua bai, baina ordutegi “libre” xamarra, edo?
Nire kasuan lagundu egiten du baserrian lan egiteak. Bere alde txarrak ere baditu, lan lotua da, oporrik gabekoa, baina egunean zehar antolatzeko erraztasunak ematen ditu. Entrenatzeko denbora harrapatzen ahal duzu bertze lantoki batean baino errazago. Ordutegi batekin ari zarelarik, hori errespetatu beharra dago.
Entrenamenduei dagokienez, nola antolatzen zara eta baduzu laguntzailerik horretarako?
Entrenamenduak antolatzea izaten da zailena. Pilotariak bezala, aizkolariak ere urte osoan aritzen gara eta jakin behar dugu zein garaitan komeni zaigun sasoi puntturik onenean egotea. Gauza batzuei eman behar diozu garrantzia eta gehienok txapelketei eta apustuei ematen diegu garrantzia. Horiei begira prestatzen gara. Normalean astean sei edo bortz egun entrenatzen ditut, garaiaren arabera. Horietan denetarik egiten dut: lasterka, gimnasioa, aizkora… Prestatzaile fisikoa badut, nire nagusia errateko moduan, berak prestatzen ditu entrenamenduak. Elikadurari ere begiratzen diot, hori ere bere aginduetara. Eta ez nituzke aipatu gabe utzi nahi nire inguruan entrenamenduetan eta plazan ibiltzen diren laguntzaile guztiak.
Baserrian eta aizkoran ez ezik, Zigako alkate lanetan ere aritu zara. Horrek ere entrenamenduetarako denbora kenduko zizun. Herri ttiki infernu handi erraten da, ez dakit hala den, baina herri ttiki lan handi, seguru baietz, ez?
Lau urtez aritu naiz bai, Zigako alkate, eta sartu nintzenean ez nuen pentsatzen ere zenbat denbora eramaten duen, ikaragarria! Denean bezala, gauzak ongi egiteko denbora eskaini behar diozu. Azkenean, nahiko denborarik eskaintzen ez badiozu zure buruarekin kezketan hasten zara: ‘Badakit ez diodala denbora aski eskaintzen, baina ez baitut denbora gehiago!’ Boluntario lana da eta baserria ere hor duzu, aizkora… Zaila da eta lan handia da. Herri ttiki, infernu handi erranairu egokia da, bai.
Aizkora txapelketa ofizialei dagokienez, zein da zure palmaresa?
Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketa irabazi nuen Igantzin 2016an. Nafarroako hirugarren mailakoa ez nuen inoiz irabazi, baina bi lehenbizikoak igotzen direnez, bigarren postua egin eta igo nintzen bigarren mailara eta hortik, berriz ere txapeldunorde izanik, lehen mailara, bi urtez segidan. Nafarroan ez dut banakako txapelik. Binaka baditut hiru txapel: 2018an Iker Vicenterekin lehenbizikoa, 2022an Eneko Saralegirekin eta 2024an, berriz ere Iker Vicenterekin. Aurten Enekorekin aritu naiz berriz eta hirugarren izan gara. Aitzinera begira, aurten lehen aldiz Urrezko Kopa jokatuko dut abuztuaren 15ean Donostian, hamalau kanaerdiko moztera, eta aski kontent nago, hori dut begiz jota. Eta gero, Euskal Herriko eta Nafarroako txapelketak.
«Euskal herriko 3. mailakoa irabazi nuen 2016an Igantzin, baina Nafarroakoan, 3. mailan eta 2. mailan txapeldunorde izanda ailegatu naiz lehen mailara»
Azken urteetan Nafarroako lehen mailako txapelketan beti podiumera igo zara… Euskal Herrikoan ere podiumera hurbiltzeko modurik ikusten duzu? Eta Nafarroakoan Vicenteri gailentzeko? Horretarako zertan hobetu behar duzula iruditzen zaizu?
Gauza aunitzetan hobetu beharko nuke (kar-kar). Jakinen banu zer eta nola hobetu eginen nuke gustura, baina zaila da. Koxka bat edo bi goitixeago daude, hori onartu beharra dago. Hori onartzen dut, baina ez dut etsiko, borrokan eta lanean segituko dut. Jende on aunitz dago, baina horietara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko naiz.
Halere, azken aldian, txapelketengatik baino gehiago apustuengatik egin zara ezagun… Apustuak luzatu, lau, eta laurak irabazi dituzu… Apustuetan garaiezina zarela erran daiteke oraingoz?
Oraingoz denak irabazi ditudala egia da, bai, baina garaiezina ez naiz, inor ez da, hori garbi dago. Orain arteko laurak ongi atera zaizkit eta apustua gustatzen zaidan zerbait da. Txapelketak eta dena baino aisa gehiago gustatzen zait apustua. Apustua galtzeak txapelketak baino min gehiago egiten duela erraten didate, ez dut dudarik egiten, baina ez diot sobera beldurrik galtzeari ere. Noizbait tokatuko da!
Apustuak banan bana errepasatuz, denak ere, itxuraz, nahiko erraz irabazi dituzu… lehenbizikoa duela zortzi urte dagoeneko, Azpeitian: Xabier Zalduarekin, aizkoran eta lasterka proba mistoa (biek hamarna kanaerdiko aizkoran eta zuk 8,6 km lasterka eta Zalduak 10 km lasterka). Hasi eta lehenengoa irabazi, bortz minutuko aldearekin…
Orain alde handia atera nuela ematen du, baina momentuan, egin berritan, egiatan, jendeak eta nik ere ez genuen horrela pentsatzen. Apustu hori egin nuenean 21 urte nituen, orduan Zaldua zegoen aizkoran eta lasterka onenean, Xabier Orbegozo Arriarekin batera. Ez zuten apustuetarako kontrariorik harrapatzen. Aizkoran ere, Euskal Herriko lehen mailan zegoen Zaldua eta nik, berriz, jokatu nuen txapelketarik handiena Nafarroako bigarren mailakoa zen, ez nuen sekula plazan 20 minutu baino gehiagoko lan bat egin. Aizkolari arrunt ezberdinak ginen, bat punta-puntakoa eta bertzea gibelean. Kalkulatzen genuen aizkoran kanaerdiko bateko abantaila, hortxe aterako zigula, baina gero, lasterka, nik ia kilometro eta erdi guttiago egin behar nuenez, hor irabaz nezakeela. Uztailean itxi genuen apustua, abenduan egiteko eta denbora horretan arraso aldatu nintzen, bertze pertsona bat nintzen. Azkenean erraz irabazi genuen plazan, baina sei hilabete horietan etxean lan egin eta aunitz hobetu genuelako.
Bi urte beranduago, 2019an, Donezteben aizkoran Kortxerorekin, zortzi kanaerdiko eta bi oinbiko… Ia sei minutuko aldea atera zenion…
Uste baino alde handiagoa atera nion, baina erraza ez zen izan. Inoiz ez da kanpotik dirudien bezain erraz. Pilotan ere aunitzetan ikusten da, finalean abantaila handia ateratzea pilotari batek bertzeari, baina horren gibelean, lan handia dago eta egun batean denetatik gertatzen ahal da. Egun horretan ni gehiago izan nintzen, baina orduan paretsu ginen biak.
Aurten, sei urteren buruan, ia bat bertzearen segidan bi Donezteben: Martxoan Basozabalen kontra, hamabina kanaerdiko eta 60 ontzako seina enbor, bortz minutuko aldearekin irabazi zenuen eta maiatzaren 11n Gabirondorekin 60 ontzako hamaseina enbor… lau minutuko aldea.
Nire bizitzako urterik onenetakoa izan da, dudarik gabe. Kortxerorekin jokatuz geroztik, 2025era arte, sei urte hauetan aunitzez gehiago sufritu egin dut gozatu baino. Entrenatu dut baina ezin nuen hobetu. Baina segitu dut eta segitu dut eta nork erranen zigun aurten hain ongi ibiliko nintzenik plazan aizkoran. Eta Basozabali eta Gabirondori apustuak irabaztea, izugarria izan da! Horrek indar handia eman dit eta, batez ere, satisfakzio eta konfiantza ikaragarria. Dagoeneko maila bat badudala erakusten dit. Sei urtez sufritzen pasatu ondotik, sufritzen duzun horretan konplexu guztiak galtzen dituzula iruditzen zait, zure burua askatu egiten duzu eta, gainera, salto hori ematea suertatzen bada… Konfiantza handiarekin nago, plazara sartzean ez dakit galdu edo irabaziko dudan, baina lan ona eginen dudala jakinik sartzen naiz.
«Azken sei urteotan gozatu baino gehiago sufritu egin dut, baina apustuak irabazteak konfiantza eman dit: plazan lan ona eginen dudala badakit»
Eta aitzinera begira, baduzu bertze erronkaren bat begi bistan?
Apustuak egiten segitzeko asmoa badaukat, baina orain aurkaririk eta datarik ez daukat buruan. Dena dela, norbaitek desafioren bat luzatuko balu, mahaira joanen ginateke proposamena entzutera eta eztabaidatzera.
Txapelketa bateko finalean, txapeldun izan zaitezke, baina baita txapeldunorde, hirugarren, seigarren… Apustua, aldiz, irabazi ala galdu egiten da bakarrik. Horrek egiten ditu erakargarri, hori da beraien xarma?
Hori da apustuen xarma, bai. Bat baten kontra, hor ez dago gordetzerik: irabazi ala galdu. Baina baditu bertze gauza aunitz diferenteak. Zure taldea biltzen duzu, arerioak ere biltzen du berea, mahai inguruko solasaldiak eta apustua lotzea: enbor gehiago, guttiago, gogorragoak, batek edo bertzeak eraman… bien neurrira egiten den norgehiagoka da. Txapelketa ofizialetan dena modu jakin batean paratua dago, hainbertze enbor eta horretara egokitu behar duzu.
Elkarrizketaren batean aipatu duzu zure ametsa: apustua Iker Vicenteren kontra 40 kanaerdikotara, Tolosako zezen plazan, garai bateko apustu klasikoen estiloan… Ametsa egingarri ikusten duzu?
Egingarria bai, baina arras zaila. Orain zaila da eta gero ere zaila izanen da. Baina dena egingarria da, bertzela, zer ilusio izan behar dugu? Norbaitek pentsa dezake Vicente zahartzen denean, beharbada, baina ni zaharxeagoa naiz, ia bi urte! Esperantza hori ere ez dut, alferrik! Adin kontuan izorratua nago! (kar-kar).
«Iker Vicenteren kontra Tolosako zezen plazan 40 kanaerdikotara apustua egitea da nire ametsa»
Noizbait apustuaren eta txapelketa ofizialen artean aukeratu behar bazenu, zer aukeratuko zenuke?
Apustua, apustua! Inolako dudarik gabe. Txapelketak arras politak dira, bai Nafarroakoa baita Euskal Herrikoa ere, baina, halere, apustua nahiago dut.
Txapelketa ofizialen eta apustuen arteko erdibidean edo, urrezko aizkora txapelketan, binaka eta banaka… horretan ere aritu zara. Horiek ere bizia ematen diote aizkorari, ez?
Bizia ematen diotela egia da, garrantzitsuak dira, baina torneoak dira, gauza bakoitzak bere lekua du. Pilotan ere badituzu banakako, binakako eta lau eta erdiko txapelketak eta horiek dira garrantzitsuenak. Gero badira masterra, udako torneoak… bizia ematen diote baina ez da gauza bera.
Herri kiroletan orain duatloi eta pentatloi formatuak ere zabaltzen ari dira. Nola ikusten duzu zure burua modalitate horietan? Aritua zara? Aritzeko asmorik?
Pentatloia zaila da niretzat, indar aunitz eskatzen duelako, indar zakar aunitz, errateko modu batean. 100 kiloko harria altxatu, 400 kiloko harria mugitu… nire gorputza ez dago horretarako prestatua. Azkenean, ni ez naiz mutil handi bat, 1,79 metroko altuera, 75 kilo, mutil koxkor bat naiz eta hor badira zekor ederrak! Horien kontra zaila! Duatloia? Hor zerbait aldatzen da, baina gaur egun paratzen duten formatua ez da sobera egokia nire ezaugarriendako. Lan laburrak dira, ez da hamar kanaerdiko ebaki eta hamar kilometro lasterka egitea, niretzat hori egokiagoa litzateke eta, orokorrean, gorputzez ttikiagoak garenontzat… Orain egiten den formatuan, oraintxe kanaerdiko bat moztu etzanda, orain zutik bertze bat, gero 500 metro lasterka… Hor zer abantaila ateratzen ahal diozu arerioari? Deus ere ez! Hamar kilometrotan aldea egitea ere zaila da, kilometro erdian, pentsa! Txikiari eta horrelako aizkolari handiei aldea ateratzeko lasterkako zatia baliatu behar duzu, eta 500 metro arras motza da.
«Mutil koxkor bat naiz eta ez nago pentatloirako prestatua, hor zekor handiak aritzen dira»
Bertzerik…
Gurasoak erreferente dira niretzat, batez ere aita. Eta eskerrik asko bidean lagundu duten eta laguntzen ari direnei.
Joxean Etxeberria hurbiletik
- Aizkolarien artean, idolo bat? Badira onak aunitz, baina bat errateko, Mikel Mindegia.
- Aizkora edo herri kirola ez den bertze kirol bat? Pilota, dudarik gabe!
- Miresten duzun kirolari bat? Aunitz miresten ditut, ez dut bat erranen.
- Kirolari eta abeltzain ez bazina… Pilotari izan nahi nuke, baina ezin da jakin zer izanen nintzatekeen.
- Denbora librean, zer egitea gustatzen zaizu? Denetarik, baina gehien bat lagunekin egon. Plan aunitz egiten ditut lagunekin.
- Elizondoko feriak edo Zigako bestak? Zigako bestak erran beharko dugu.
- Musika, liburu bat edo zinema? Zinema.
- Musika talde gogokoren bat? Aunitz gustatzen zaizkit, baina bat errateko, Ken7.
- Gosaltzeko? Denetarik, baina arras gozo zalea naiz eta bolleria gustatzen zait. Arroltzeak, tortillak… horrelakoak jaten ditut.
- Oporretan, mendia ala hondartza? Arras gutti joaten naiz, joaten naizenean, erakustaldiren bat egitera. Aurten, adibidez, bizpahiru egun Tarragonan izan gara eta horiek dira gure oporrak.
- Informatzeko? Dena errepasatzen dut: telebista ikusi, irratia aditu, prentsa eta Internet irakurri…
- Sakelako telefonoaren menpe bizi zara? Saiatzen naiz ahalik eta guttien erabiltzen, baina ezinezkoa da.
- Whatsapp, Instagram, Twitter, Facebook… Bakarra Whatsappa daukat, bertzeak ez ditut erabiltzen. Lehen Facebook banuen, orain ez dakit…