93 greba eguna dute gaurkoa Elizondoko Benito Menni zentroko langileek eta borrokan segitzen dute. Hermanas Hospitalarias enpresak duela urte bat hetsi zuen Elizondon dituen hiru eraikinetako bat eta geroztik, «langileak kaleratu eta lan baldintzak eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua okertu» direla salatu dute. Egin dituzte mobilizazioetan, konponbideak eskatu dizkiete enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Langileek argitu dute zerbitzu publikoa dela, «azpikontratatua eta diru publikoarekin mantentzen da. Onartezina da gobernuak enpresari onura pribatuak lehenesten uztea, zerbitzua, enplegua eta lan baldintzak kaltetzearen kontura».
Gaur arratsaldean elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan eta abenduaren 10etik 12ra, martxa antolatu dute Elizondotik Iruñera. Hain zuzen, egun horretan, ehungarren greba eguna izanen dute. Abenduaren 10ean Elizondotik Mugairira eginen dute, abenduaren 11n Mugairitik Arrera eta abenduaren 12an Arretik Iruñera. Abenduaren 12an Iruñean parlamentuaren aitzinean eginen dute ekitaldi nagusia, 11:00etan.