Abenduaren 1etik 24ra greba eginen dute Benito Menniko langileek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 24a

Gaur Iruñean egin dute prentsaurrekoa. Argazkia: ELA sindikatua.

Urtebeteko mobilizazioen ondotik, borrokan segituko dutela adierazi dute Elizondoko Benito Menni zentroko langileek. Abenduan 24 greba egun gehiago eginen dituztela iragarri dute gaur Iruñean egin duten prentsaurrekoan, eta Elizondokotik Iruñera martxa eginen dute abenduaren 10etik 12ra. Hain zuzen, egun horretan, ehungarren greba eguna izanen dute. 

«Zerbitzu publikoa da, azpikontratatua, eta diru publikoarekin mantentzen da. Onartezina da gobernuak enpresari onura pribatuak lehenesten uztea, zerbitzua, enplegua eta lan baldintzak kaltetzearen kontura»

Hermanas Hospitalarias enpresak duela urte bat hetsi zuen Elizondon dituen hiru eraikinetako bat, eta geroztik, borrokan ari dira langileak, «kaleratzeak, lan baldintzak eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua okertu direla» salatuz. Egin dituzte mobilizazioetan, «bai enpresari, bai Nafarroako Gobernuari konponbidea» eskatu izan diote. Enpresari «zentroko erabiltzaileek hartzen duten zerbitzuaren kalitatearen eta lan baldintzen kontura irabaziak handitzeko politikarekin segitzen duela» leporatu diote, eta Nafarroako Gobernuari, berriz, «ez duela bere gain hartzen diru publikoarekin sustengatzen duen zerbitzuan duen ardura». Osasun mentaleko zerbitzuaren «arduradun nagusia» Nafarroako Gobernua dela erran dute gaur langileek: «Zerbitzu publikoa da, azpikontratatua, eta diru publikoarekin mantentzen da. Onartezina da gobernuak enpresari onura pribatuak lehenesten uztea, zerbitzua, enplegua eta lan baldintzak kaltetzearen kontura».

Langileek «benetako negoziazioa» eskatu dute, «baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko: soldatak hobetuz, lanaldia murriztuz eta lan kargak gutituz. Ez da hobekuntzarik administrazioak enpresari baliabide egokiak eskatzen ez badizkio eta arreta eredu duina bermatzen ez bada, bai erabiltzaileendako, bai haiek artatzen dituzten profesionalendako». 

Langileek oroitarazi dute, «gehienak emakumeak» direla, «prekarietate egoeran» daudela, «genero arrakala» sufritzen dutela eta «diskriminazio garbia» jasaten dutela: «Eta hori guzia Nafarroako Gobernuaren onespenarekin eta enpresaren etekinak handitzeko». 

Argi mintzatu dira: «Ez erabiltzaileak, ez langileak ez gara merkantzia». Eta itxitako eraikinean adingabe migratzaileendako zentro bat irekiko dutela eta, honela erran dute: «Ez da zilegi guri sortutako kalteak kontuan izan gabe, Nafarroako Gobernuari eta enpresari interesatzen zaien bertze proiektu bat aitzinera ateratzea. Beraien ardura da, eta ondorioz, beraiei dagokie irtenbide duina ematea».

Mobilizazio gehiago

Horregatik erabaki dute greba egun gehiago egitea. Abenduaren 1etik 24ra eginen dute, eta horrekin batera, abenduaren 10ean, Elizondon hasi eta abenduaren 12an Iruñean akituko den martxa ere bai. Abenduaren 10ean Elizondotik Mugairira eginen dute, abenduaren 11n Mugairitik Arrera eta abenduaren 12an Arretik Iruñera. Abenduaren 12an Iruñean parlamentuaren aitzinean eginen dute ekitaldi nagusia, 11:00etan. «Gure aldarrikapenak Elizondotik Iruñera eramanez, garbi irudikatu nahi dugu Iruñean daudela gure egoeraren arduradunak, enpresaren zuzendaritza eta Nafarroako Gobernua». Gisa berean, Nafarroako Parlamentua osatzen duten alderdiei «egoera honetan esku hartu dezaten» eskatuko diete: «Ozen salatu dugu gertatzen ari dena, eta beraien eskuduntzak erabil ditzaten eskatuko diegu. Nafarroako herritarrak kalitatezko zaintza merezi dutelako, eta diru publikoaren erabilera egokia ziurtatzea dagokielako».

Beraien aldarrikapenak lortu bitartean, borrokan segitzeko asmoa dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun