Adingabe migratzaileentzako zentro bat irekiko dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 24a

Pasa den astean jakin zen Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak Elizondon migrazio egoeran dauden adigabeentzako harrera zentro bat egokituko duela.

Hogei adingaberentzako lekua izanen du harrera guneak eta Nafarroako Gobernuaren esku dagoen Gizain Fundazioaren ardurapean egonen da. Elizondoko Benito Menni zentroko Bertiz eraikinean kokatuko dute harrera zentroa. Hain zuzen, iaz, eraikin hori hetsi zuen Benito Menniko zuzendaritzak eta geroztik itxiera salatzeko eta lan baldintzak hobetzeko greban daude langileak

Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren harira, oharra argiratu du asteburuan Baztango EH Bilduk. Alde batetik, Benito Mennik orain arte zeukan jarduna murriztu eta langileak kaleratzearen kontra daudela nabarmendu du koalizioak: «Hustu berri den espazioa alokatu eta bertze erabilera bat emateak Benito Menni enpresak egindako murrizketa babesten du». 

Gainera, berretsi du ez dela EH Bilduren erabakia izan ez Benito Menniko murrizketak egitea ezta gazteak bertan instalatzea ere. Gehiago ere bai: «Udalak bide ez ofizialetatik izan du erabakiaren berri, eta Nafarroako Gobernuarengana informazio gehiagoren eske joan denean jakin ditu xehetasun gehiago». 

Harrera politiketan aldaketak

Hala ere, koalizioak positiboki baloratu du gobernuak gazte migratzaileen harrera politiketan egindako aldaketa, «gazteak zentro guti batzuetan pilatu beharrean, gazteak zentro gehiagotan banatzea, tartean Baztanen, horrek arreta egokia bermatu eta gazteen eta tokiko komunitatearen arteko elkarbizitza erraztu eta naturalizatzen» duelako. 

Gazte horiek kriminalizatzeko sortu daitezkeen zurrumurru eta diskurtso faxisten aitzinean, «gazte horiek ez dutela beraien sorterria kapritxoz utzi» azpimarratu du EH Bilduk: «Sistema kapitalistak hegoalde globaleko herrialdeetan ezartzen duen ustiatze eta esplotazio basatiaren biktimak dira».

Horrelako zentroen kudeaketan «esperientzia positiboak» egon badaudela dio EH Bilduk,  eta horietan, tokiko eragileak eta zentroa kudeatzen duen fundazio publikoa «elkarlanean» aritzen direla. Horregatik, gazte horiek «baztandar denen laguntza» behar dutela oroitarazi dute eta beren ongizaterako eta elkarbizitzarako antolatuko dira ekimenetan baikorki parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Bide horretan, zentroaren jardunaren nondik norakoak «informazio kanal fidagarrietatik hartzeko eskatu dute eta zurrumurru faltsuak ez elikatzeko». 

VOX alderdiak horrelako zentroen atean kontzentrazioak antolatuko dituela aitzindu du, eta koalizioak dei egin die baztandarrei adi egoteko mobilizazio antifaxistei, eta baleude horietan parte hartzeko. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun