Saharaztanek bere esker onak adierazi ditu Elizondoko ferien harira

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 27a

Urteroko legez, Saharaztanek, Baztan-Bidasoako Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeak, Oporrak Bakean proiektua finantzatzeko tonbola solidarioa paratu zuen Elizondoko ferietan. Alegia, balorazio positiboa egin du eta eskertuta agertu da: «Elkartasun erantzun zabala hartu du bertze urte batez gure tonbola solidarioak».

Sahaztan elkartekoek tonbola solidarioa paratu zuten ortzirale goizean Elizondoko Pedro Axular karrikan, beraien ohiko txokoan eta «arrakasta handia» eduki zuela nabarmendu dute. Are gehiago, jendearen partetik bildutako laguntza eta prestutasuna txalotu dituzte. 

Ortzirale goizean martxan paratu zuten tonbolako txartelen salmenta eta eguerdirako txartel guziak saldu zituztela aipatu dute: «Eguraldia lagun eta ibilitako jendetzak, prestatuta zeuden txartel guziak ortzirale eguerdirako akitzea ahalbidetu zuen. Bizikleta, musika taldeetako materiala, kirol taldeetako materiala, hamakak, tokiko ostalaritza eta zerbitzuetan gastatzeko bonoak, arropak, liburuak, jakiak... aitzineko astetan eskuratutako guzia banatu zen». Bertzetik, banatutako sarien artean, Katea Bikek emandako bizikleta Juana Mari Zubietari tokatu zitzaiola jakinarazi dute.

Azkenik, Doneztebeko ferietan ere postua jarriko dutela iragarri dute, baina, elkarteko materiala bakarrik salduko dutela erran dute: Kamisetak, erosketa poltsak, metxeroak eta boligrafoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun