Tradizioari jarraiki, urriko hondar asteburuan udazkeneko feria ospatu dute Elizondon. Bide batez, herriko karrikak postuz bete eta giro ederrean ibili dira saltzaile zein erosleen arteko hartu-emanekin eta bertzelako zenbait jardunaldirekin.
Ortzegun arratsaldean hasi ziren postuekin herriko karrikak estaltzen eta ortzirale goizerako 200 postutik goiti zeuden bata bertzearen segidan herrian barna. Horrez gain, feria eguneko gasna lehiaketaren laugarren edizioa ospatu zuten Merkatuko Plazan eta 13 lehiakideren parte hartzearekin kontatu zuten aurten. Sarituei dagokionez, Azpilkuetako Gasna izan da txapeldun, Urdazubiko Etxelekua azpitxapeldun eta Sakanako Utxama hirugarren. Bertzalde, laxoko plazan makinaria erakusketa zabala eduki zuten ortzirale goiz osoan eta arratsaldean, berriz, Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan pilota partiduez eta sortu zen giro ederraz disfrutatu zuten.
Herria jendez, postuz eta makinariaz ongi beteta egon bazen ere, azienda faltak hutsune nabarmena utzi zuen Merkatuko Plazan. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Dermatosi nodular kutsakorragatik (DNK), behi aziendari eragiten dion gaixotasun biralagatik, azaroaren 30era arte azienda plazaratzea debekatuko zuela iragarri baitzuen joan den astean. Hala ere, feriak antolatzen ibili den Elizondoko Herriko Lantaldeak balorazio positiboa egin du eta azienda faltagatik jende guttiago hurbilduko zela uste bazuen ere, bi egunetan jende anitz ibili dela ziurtatu du.