Ferietan aziendak plazaratzea debekatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Aziendarik ez da izanen aurten udazkeneko ferietan.

Dermatosi nodular kutsakorra izeneko gaixotasunaren zabaltzea ekiditeko, azienda feria, lehiaketa eta erakustaldi guztiak debekatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Gaur sartu da indarrean debekua eta, gutxienez, azaroaren 30era arte egonen da indarrean erabakia David Navarrok, Nafarroako Gobernuan Animalien Osasun atalburuak, TTIPI-TTAPAri baieztatu dionez. Udazkeneko ferietan eragin zuzena izanen du neurriak: feriak bai, baina aziendarik ez baita izanen.

Dermatosi nodular kutsakorra (DNK) behi aziendari eragiten dion gaixotasun birala da, intsektuen bidez transmititzen dena. Sukarra, larruazaleko lesio nodularrak, barne organoetan kalteak, nekea eta, zenbaitetan, heriotza eraginez. Ez da zoonosia, eta haragia eta esnea kontsumitzea ez da arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere.

Italian eta Frantzian hainbat kasu izan dira azkeneko hilabeteetan eta duela aste pare bat atzeman zituzten Gironan penintsulako lehenbiziko kasuak. Hori ikusita, prebentzio neurriak hartzea adostu du Nafarroako Gobernuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun