Iraileko hondar asteburuan Behi Azienda Pirioniotarraren Lehiaketa-Enkante Nazionalaren XXXVl. edizioa ospatu zuten Elizondon. Horren harira, Alvaro Garde Arraiozko abeltzain gaztea asteburu handiaren eta gibeletik dagoen lan guziaren bueltan kontu kontari ibili da Ttipi-Ttaparekin. Are gehiago, lehenbiziko sektorearendako zita «arras inportantea» izan ohi dela nabarmendu du.
Zergatik abeltzain, Alvaro?
Ttiki-ttikitatik izan naiz aziendako afizionatu, batez ere ardietako afizionatu. Oroitzen naiz haurra nintzelarik egunero joaten nintzela barridearen etxerat ardiekin eta behiekin laguntzera eta ondotik, etxerat bueltatu eta beti nenbilela gurasoei ardiak eskaka. Gurasoek ez zuten ardirik nahi, hala ere, ni ardiak eskatzen ibili nintzen lehenbiziko jaunartzea egin nuen arte. Orduan, jaunartzean bildutako diruarekin 27 ardi erostea lortu nuen eta hortik montatu nuen artaldea. Gehiago ere bai. Behi piriniotarrak ere begi artean genituen anaiak eta biok eta 2003an erosi genituen lehenbiziko behi piriniotarrak. Hola, erran daiteke guttinaka aziendarekiko afizioa elikatzen joan garela eta gaur-gaurkoz 95 behi piriniotarrekin kontatzen dugu.
Noiztik ibiltzen zara behi piriniotarren asteburu handia antolatzen?
Duela 13 urte inguru sartu nintzen antolakuntza lanetan. Garai hartan, Juan Miguel Agirre arizkundarra eta Fermin Barazabal azpilkuetarra ziren arduradunak, baina, gaixotasun bat diagnostikatu zioten arizkundarrari eta niregana jo zuen nola edo hala erreleboa eske. Beraz, baiezkoa eman eta ordutik gustura aritzen naiz antolatzen.
Nola antolatzen duzue feria?
Cederna Garalur Elkarteko teknikariak gidatzen du, batez ere antolakuntza prozesua eta zenbait arlotakoek parte hartzen dugu. Fermin Barazabal eta biok tokiko abeltzain boluntario gisa laguntzen dugu. Barazababalek eta nik patrozinatzaileekin kontaktatu ohi dugu eta abeltzain gisa geure ikuspuntua eskaintzen dugu, bidenabar, publikoaren papera hartzen dugu eta kanpoko ikuspuntua ematen dugu. Izan ere, inportantea izaten da feriak eta horrelakoak antolatzean publiko gisa jarduten duten herritarren iritzia jakitea. Horrez gain, bertze ardura ttiki batzuk ere hartu ohi ditugu, horien artean, kartelak banatzea eta azken egunetan egitea tokatzen diren bertzelako lanen ardura.
Abeltzain baztandar gisa nola bizitzen duzu antolakuntza?
Ilusio eta gogo handiz bizitzen dut, lehenbiziko sektorearendako arras inportantea delako egun hau; partez sektorea indartzeko balio duelako eta baita hemen gaudela aldarrikatzeko balio duelako ere. Gainera, Euskal Herriko abeltzain aunitzek zita hau beraien egutegietan markatuta edukitzen dutela jakiteak motibazio handia pizten dit gogotsu antolatzen segitzeko.
Bertzetik, azienda plazara ekartzea eta lehiaketan parte hartzea nola bizitzen duzu?
Emozio handiz bizitzen dut, baina, lan handia egin behar izaten da gibeletik asteburu honetan behiak plazarat ekarri ahal izateko. Azienda domatu behar izaten baita eta hilabeteetako lana eta sakrifizioa izaten baita hori. Guk, adibidez, COVID pandemiaz geroztik aurten arte ez genuen lehiaketan parte hartu eta lan handia eta inbertsio ekonomiko kozkorra egin behar izan ditugu. Are, azienda domatu eta osasuntsu mantentzeko kostu ekonomikoak geroz eta handiagoak dira eta hori oztopo bat bilakatu daiteke. Hala ere, jendeak ilusio handiz bizitzen duen asteburua izan ohi da eta Euskal Herri osotik hainertze abeltzainek azienda Elizondorat ekartzen segitzen dute urtero, urtez urte etxalde berriren baten parte hartzea gehituz, gainera.
Zein da besta honen xarma berezia?
Euskal Herriko abeltzainen bilkura egun inportantea bilakatu izanak eta helburu beragatik lanean ari garela erakusten duen besta ere bihurtu izanak ematen diote asteburuaren xarma berezia. Egun honek hartu- emana ahalbidetzen digu, gainerakoen aziendan erreperatu, bizipenak trukatu eta gure azienda hobetzeko baliabideak eskaintzen ditu. Horrela, urtez urte abeltzain oro azienda hobetzen ari dela bistakoa da eta, gainera, sari banaketetan igarri daitekeen modura, maila arras ona eta parekidea erakusten du etxalde bakoitzak.
Lehenbiziko sektoreak badu segida hurrengo belaunaldietan?
Baloratutako sektore bat izanen balitz, bai, segida izanen luke dudarik gabe. Feria piriniotar honetan ikusten baita badirela gazteak abeltzaintza eta nekazaritza biziki bizitzen dutenak eta barne-barnean afizioa daramatenak. Beraz, abeltzainena eta nekazariena ez ezik gizartearen ardurapekoa da sektorearen segida, gizarteak sektorea baloratuz gero eta hitzetatik haratago ekintzetara pasatuz gero, iraunarazteko posibiltate guziak daudelako. Hezkuntzatik hasi eta ikasleei lanbide duin bat bezala erakusten hasi beharko ginateke, nekazari eta abeltzain izatea etorkizunerako aukera edota pretentsio bat izan daitekeela sinestarazteari eta gizarte gisa hura baloratzeari ekinez.
Etorkizunera begira zer nahiko zenuke?
Ohiturari jarraiki, urtero feria hau egiten segitzea gustatuko litzaidake; azken batean, abeltzainendako besta asteburu bat delako eta urtean zehar lehenbiziko sektore honek beraien omenezko eta beraien bilkurarako besta gutti izaten dituelako.