Iruñeko haur eskoletako Hemengoak proiektua oinarritzat hartuta, iaz Baztango Udalak Elizondoko adinekoen egoitzan abiatu zuen tokiko ekoizleek bermatutako elikadura sistema berria eta, oraingoan, haur eskolara hedatuko du. Izan ere, elikatzen ikastea heziketaren parte dela ziurtatu du udalak eta hortaz, dinamikaren helburua «hiru urtez azpiko udal haur eskolan elikadura osasuntsu eta jasangarria bermatzea» izanen dela azpimarratu du.
Udalak tokiko zenbait ekoizlerekin akordioak sinatu ditu dagoeneko eta argi utzi du: «Udal gisa gure ardura herritarrei osasuntsu elikatzeko baliabideak eskaintzea da; lurrari errotutako herria izan da gurea, eta hala izaten jarrai dezan, nekazari ttikiak zaindu eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu». Bide beretik, proiektuan parte hartuko duten ekoizleendako onuragarria izanen dela nabarmendu du, «tokiko hornitzaile ttiki eta ekologikoei bulkada» emanen diela eta «beraien lana profesionalizatzen lagunduko» diela baieztatu baitu.
Ekoizleen eta haur eskolaren arteko harremana Lixura Baztan enpresa publikoaren bidez kudeatuko du udalak eta hondakinen xahuketa murrizte aldera, ontzi berrerabilgarriak eskuragarri jarriko dizkiei hornitzaileei.