Iruñeko Udalak haur eskoletan abiarazitako Hemengoak dinamika sasoiko eta hurbileko jaki fresko eta ekologikoekin bertan prestatutako otorduak ematean datza. Adierazi dutenez, «dieta jasangarriak sustatzea, obesitateari eta dieta desegokiek eragindako gaixotasunei aurre egitea, eta hornidura-kate motzak sustatu eta bertako ekoizleak babestea» dira proiektuaren ardatz nagusiak. Horri lotuta, haurrei egunerokoan elikatzeko ohitura osasuntsuak erakusteaz gain, hurbileko eta kalitatezko jaki osasungarrien garrantzia ikusaraztea ere bada helburua.
Hitzarmena
Fernando Anbustegik, Baztango alkateak eta udalerriko haur eskolen zerbitzua kudeatzen duen Lixura Baztan enpresako lehendakariak, eta Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, sinatu dute elkarlanerako hitzarmena. Horrela, Iruñeko Udala menu osasungarri eta jasangarriak ematen hasteko beharrezko informazio eta material guztia eskaintzera konprometitu da, prestakuntza saioak barne. Eta Lixura Baztanek, aldiz, prestakuntza saio horiek ematera etortzen direnen gastuak ordaintzeko konpromisua hartu du. Akordioak urte bat iraunen du eta behin epea pasatuta luzatzeko aukera izanen da.