Nor da Aaron?
23 urteko gartzaindarra; arduratsua, familiarra eta lagunen arras laguna.
Zein dira zure zaletasunak?
Nahiko arruntatzat daukat neure burua, hortaz, nire zaletasunak horrekin bat datozela erranen nuke; irakurtzea, pelikulak ikustea, mendian barna ibiltzea, lagunekin egotea...gustatzen zait bertze gauzen artean.
Bidaiatzea gustuko duzu, zein bidaia nabarmenduko zenuke?
Poloniara, Auschwitzera zehazki egin nuena nabarmenduko nuke. Leku horrek historian izan duen pisuagatik eta gaur egungo gizarteari hor gertatutakoak aunitz ikasteko balio izan diola kontsideratzen dudalako.
Gartzaingo herriarekiko atxikimendu handia baduzu?
Nahiz eta nire sorterria Lekaroz izan eta bertan urte batzuz bizi, gaur egun, edozein gartzaindarri nongoa naizen galdetuta, ez dut uste Lekarozkoa naizela erranen duenik, Gartzaingoa naizela baizik.
Zerk egiten du espeziala Gartzain?
Edozein herri espezial bihurtzen duena ez da bere forma estrukturala, baizik eta bertan bizi den jendartea. Eta Gartzainen kasuan gartzaindarrek egiten dute espezial Gartzain.
Herriko bestak izanen dituzue hemendik gutira, nola izan da horiek antolatzea?
Nahiko lasaia naizenez prozesua lasaitasunez hartu dut eta ez zait hain intentsua iduritu, nahiz eta objetiboki prestaketa horrela izan daitekeen, betebehar aunitz baitaude.
Kontent gelditu zarete emaitzarekin?
Bai, nahiz eta hasmentan burutan genuen oro ezin izan dugun errealitate bihurtu, besta eleganteak prestatu ditugu.
Zer da bestetatik gehien gustatzen zaizuna?
Herritar guziak elkartzeko aukera paregabea.
Zerk egiten ditu bereziak zuen herriko bestak?
Herritarrek berek egiten dituzte bereziak.
'Gartzaingo bestak' aditzean zer datorkizu burura?
Burura datorkidan lehenbizikoa urria da eta, horrekin batera, urriko tenperatura hotz xamarra.
Etorkizunera begira helbururik baduzu?
Ez zait gustatzen helburu finkorik edukitzea, aunitzetan burutan duguna betetzen ez delako. Momentuz, orainean zentratuta nago.