Bestak 2025

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute bihartik larunbaterat

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 18a

Pasa den urteko bestetako argazkia.

Baigorritik zein Erratzutik maldak igo eta Izpegin elkartuta, mugen gainetik Izpegiko bestak ospatuko dituzte hirugarrenez bihar eta etzi. Hola, Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak, eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean egitarau borobila prestatu dute bi egunetarako. Gan-torri bus zerbitzuak ere prestatu dituzte.

Irailak 19, ortziralea

Bestei hasiera emateko, 19:30ean, IK-ko kide ohiek eta bertze militante batzuek zuzenduko duten Iparretarrak memoria kolektiboa eraikitzeko lorratzak mahaingurua izanen dute Bereko Bentan. Filipe Bidart, Xan Coscarat, Filipe Lascaray, Betti Bidart, Ladix Lanonguere, Terexa Lecumberry, Peio Duhalt eta Gaby Mouesca izanen dira parte hartzaileak.

Irailak 20, larunbata

08:30ean mendi martxa abiatuko da Baigorritik eta horrez gain, 11:00etan bizikleta martxa ere abiatuko da Baigorriko Elizako plazatik zein Erratzuko plazatik. Bitartean, 11:00etan, Pontx pailazoak Bisitaria ikuskizuna eskainiko du. 12:00etan zintzur bustitzea eginen dute Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin eta 13:00etan ekitaldi nagusia eginen dute. Ondotik, 14:00etan, bazkari herrikoia eginen dute Inen da zeit txarangak alaiturik. 17:00etan Utxarangarekin poteoa eginen dute Izpegiko hiru tabernetan barna eta 20:30ean Tukukarrak batukada karpan. 21:00etan Baigorriko ikastolaren eskutik afaria eskainiko da eta horren segidan, 22:00etan kontzertuak hasiko dira: Olaia Inziarte eta Txopet. Ondotik, bestarekin segitzeko, DJ Uzkülüzkuz. 

Autobus zerbitzua

Bertzalde, larunbatean, Izpegira igo eta herrietara bueltatzeko autobus zerbitzua antolatu dute. Bi autobus izanen dira; bata Elizondotik eta Erratzutik pasatuko dena eta bertzea Baigorritik pasatuko dena. Izpegira joateko Elizondotik 10:00etan, 12:00etan eta 19:00etan abiatuko da busa; eta Baigorritik, berriz, 11:00etan, 13:00etan eta 20:00etan. Izpegitik jaisteko Elizondo alderantz joanen da busa 20:30ean, 00:00etan, 03:00etan eta 06:00etan eta Baigorri alderantz, aldiz, 19:30ean, 23:00etan, 02:00etan eta 05:00etan. Joan-etorriak lau euroko kostua izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun