Hirugarren urtez, mugak gainditzeko eta «inposaketari aurre egiteko ekintza sinboliko gisa» bi aldetatik maldak igan eta Izpegin bilduko dira irailaren 19an eta 20an baigorriarrak eta baztandarrak. Hola, Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak, eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean eta egun hauetako helburuei jarraiki, egitarau ederra prestatu dute bestetako bi egunak disfrutatzeko. Hitzaldiak, mahai inguruak, otordu herrikoiak, kontzertuak, mendi martxak...antolatu dituzte.
Hala ere, ospakizun egun bakan hauek eta hauen oinarriek, ondotik urtean zehar memorietan iraun dezatela aldarrikatu dute: «Ospakizunetik haratagoko pausuak funtsezkoak dira ideiak errealitate bilakatu nahi baditugu, egun bateko ospakizunean gelditu ez eta egunerokotasunean praktikan paratuko ditugunak aktibatzeko». Eta horren haritik «nahi den herria lortzeko erantzukizuna eta lana ezinbertzekoak» direla oroitarazi dute.
«Ospakizunetik haratagoko pausuak funtsezkoak dira ideiak errealitate bilakatu nahi baditugu, egun bateko ospakizunean gelditu ez eta egunerokotasunean praktikan paratuko ditugunak aktibatzeko»
Bertzalde, «iraganaren kontakizunak oraina begiratzeko modua baldintzatzen duenez», memoria ariketa egitearen garrantzia nabarmendu dute: «Ez dugu atzendu behar aitzina egiteaz mintzatzen direnean parametro jakin batzuen bidez egiten dutela; Espania eta Frantziaren bidez, espainolaren eta frantsesaren bidez. Boteredunek zapalduei bizkar eginez eta guztiz baztertuz». Hortaz, aste honetan Izpegiko lepoan, Euskal Herriak historia propioa baduela gogorarazi dute eta historia hori kontatzeko ardurari so eginen diotela ziurtatu dute.
Bide beretik, Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa eta Aroztegiko zazpi auziperatuak jasaten ari diren «bidegabekeria» salatu dituzte: «Zabal dezagun lau haizetara hemen gertatu dena eta gertatzen ari dena. Gogorki salatu eta oihukatu ditzagun herri libreak zapaltzen eta suntsitzen dituztenak».