'AMArtean' zikloa berriz martxan gaurtik aitzinerat 'Kontziliazioaren eta amatasunaren ipuina' hitzaldiarekin

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 17a

AMArtean, amatasunean birpentsatzeko zikloa; berriz ere, martxan jarriko dute udazkeneko sasoiari hasiera emanez, gaur, 18:00etan, Arizkunenean. Gaurkoan, Kontziliazioaren eta amatasunaren ipuina hitzaldi irekia izanen dute Berhezi, berdintasuna helburu duen erakundearen eskutik.

Kontziliazioaren eta amatasunaren ipuina izeneko hitzaldiak, gogoeta eta prestakuntza analisiari eginen dio tartea; gaur egun, amatasunak suposatzen duen erronka sozial eta pertsonalen inguruan hausnartzeko asmoz. 

Egungo emakume eta batez ere, ama aunitzendako, bizitza profesionala eta bizitza familiarra uztartzea erronka nagusienetarikoa bilakatu da. Horren harira, kontziliazio diskurtso atseginak ere agertu ohi dira maiz, baina horren gibeletik dauden egitura diferentziak, karga mentala eta zaintza lan eta ardura ikusezina presente egoteak, amatasuna sakrifizio bilakatzeko ahalmena badu oraindik ere. Hortaz, aipatutako zailtasunak eta oztopoak onartzea, ulertzea eta lantzea ezinbertzekoa da egitura sozial eta laboralen baitako aldaketen bidean. Eta horren bueltan arituko dira gaur 18:00etan Arizkunenean Berhezi elkartearekin.

Jarduera hau, ama direnei aparte, herritar guziei zuzenduta dagoela jakinarazi dute. Izan ere, kontziliazioa eta zaintza lana ikuspegi feministatik birentsatzeko ardura guztiona delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun