Irailean eta urrian, «amatasunean birpentsatzeko gonbita» irekita egonen da Amartean jarduera zikloaren bitartez. Iruritan zein Elizondon tartekatuko diren jardunaldi diferenteekin osatuko da zikloa.
Jardunaldiak
Irailaren 17an, «amek pairatzen dituzten presio sozial eta lanekoen inguruko» hausnarketa proposatuko da ipuinen bidez Arizkunenean, 18:00etan. Irailaren 26an, «amatasunak ehuntzen dituen lotura basati eta ikusezinen inguruko» antzerkia aurkeztuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan. Urriaren 8an, berriz ere, «haurdunaldi eta erditze prozesuetan ematen den isilpeko errealitatearen inguruko gogoeta» eginen dute Arizkunenean, 18:00etan, oraingoan PAREAN elkarteak bideratuta. Urriaren 21ean, behin zikloa akitutzat emanda, «ama talde baten sorrera lantzeko» bilera irekia planteatuko da Arizkunenean, 17:00etan.
Horrez gain, ziklo honi atxikituko zaizkion bertze bi jarduera ere izanen dira. Batetik, urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, «emakumeen partaidetza politikoari buruzko» mahai inguru irekia eginen da Elizondon, Baztango Liburutegi Publikoan, 18:30ean. Bertzetik, urriaren 14an, familiendako sexu hezkuntzari buruzko hitzaldia emanen da Arizkunenean, 17:00etan.