Amaiurko bestak ospatuko dituzte hemendik guttira eta Izaro Goienetxek «maiz bestara ateratzea edota mendira joatea balantzan paratzen dituen» amaiurtarrak, argi du egun horietan besta egiteak pisuz irabaziko duela balantzan. «Herriko bestak ilusio eta gogo handiz hartzen ditut, batez ere bereizgarri egiten dituzten hurbiltasunagatik eta etxeko goxotasunagatik». Amaiurko bestak aunitz maite ditu sortzen den «giro herrikoi» eta «euskaldunagatik», baina, batez ere, familiarekin momentu paregabeak konpartitzeko eskaintzen duten aukeragatik: «Herriko bestek aukera ematen dute guraso eta osaba-izebekin besta egiteko, eta baita aitetxi eta amatxiekin ere kantuan eta dantzan ibiltzeko».
Auzolanean
Herritarrak elkarrekin auzolanean aritu dira aurten ere bestak antolatzen, azken batean, hori baita Goienetxeren iritziz bestak aitzinerat ateratzeko sekretua: «Besten aitzinetik, bestetan eta ondotik ere, herritar guzien parte hartzea ezinbertzekoa da eta denak aritzen gara buru-belarri lanean, bakoitzak posible duena egiten». Eta Amaiurko herria biztanle kopuruari dagokionez nahiko ttikia izan arren, «herritar andana bat» biltzen direla ziurtatu du, horrela, adin guzietakoek eta herriko gaztetxoenek ere parte hartuz: «Bestetan gaztetxoek beraien laguntza eskaintzen dute eta inplikazioa erakusten dute baztan zopetan eta zikiroan zerbitzari lanetan». Gainera, bestak antolatzea batzuetan «neketsua» izan daitekeen arren, herriaren batasuna indartzen duela eta rato onak pasatzea ahalbidetzen duela aipatu du Goienetxek: «Gazte kudrilla bat biltzen gara eta giro ona izaten da gure artean. Polita iduritzen zait, gainera, egunerokoan egoten ez garenekin elkartzeko aukera ematen duelako eta berezia izaten delako».
«Amaiurtarrek berek egiten dituzte berezi bestak eta herritarrendako egun bereziak izatearekin nahikoa iduritzen zait»
Erreleboa guttinaka
Bertzalde, urtez urte aldaketak gertatu ohi dira besten antolaketan, gizarteko eta inguruko aldaketekin bat. Eta nahiz eta Goienetxek denbora gutti daraman antolaketa lanean, hori da sumatu duen aldaketa handiena, berak eta bertze batzuk beraiekin batera ekarri duten erreleboa: «Nahiz eta poliki gertatzen ari den , erranen nuke erreleboa hartzen hasi garela eta horrekin batera egitarauan ideia desberdinak agertzen ari direla, bingoa edota musika talde diferenteak, errate baterako. Hala ere, ez da urte batetik bertzera gertatu den aldaketa bat, batzuk erakutsiz eta bertzeak gogotsu ikasiz joaki baikara». Azken batean, Goienetxeren erranetan, bertzeek urte luzez egin dutena, orain, «guri tokatzen zaigu egitea», bertzerik gabe. Gainera, egitarauan aldaketa handiak izan edo ez izan, besten egiazko xarma bertze nonbaitetik heldu dela aitortu du: «Amaiurtarrek berek egiten dituzte berezi bestak eta herritarrendako egun bereziak izatearekin nahikoa iduritzen zait».