Izarne Etxaide oronoztarrak neska «alai» eta «herrikoi» gisa definitu du bere burua eta, hortaz, herriarekiko lotura estuagatik aurtengo bestak antolatzen gogotsu ibili da bertze herritarrekin batera. «Gure herriko bestak ongi pasatzeko eta elkarren artean disfrutatzeko egunak dira, adin guzietako jendea elkartzen baikara otorduetan eta plaza inguruan». Hala ere, bestez disfrutatu ahal izateko aitzinetik eta egun horietan ere lan egitea tokatu ohi da: «Lan egitea tokatzen zaigu besta egunetan, egunero badirelako zereginak».
«Antolatzen ez dituzunean ardurarik gabe bizitzen dituzu bestak, baina, antolatzen hasten zaren momentuan, zereginak gehitu egiten dira besta egunetan. Azkenean, bestak bertze modu batera disfrutatzen dituzu»
Etxaidek Oronoz-Mugairiko bestak, bere herrikoak direnez, urtero «ilusio eta gogo handiz» hartzen dituela ziurtatu du, baina, adinagatik eta, orain, antolatzaile ardurak gehitzeagatik horiek bizitzeko modua aldatu egin dela nabarmendu du: «Antolatzen ez dituzunean ardurarik gabe bizitzen dituzu bestak, baina, antolatzen hasten zaren momentuan, zereginak gehitu egiten dira besta egunetan. Errate baterako, otorduetako mahaiak paratzea, edaria kopurua kotrolatzea, etab. Azkenean, bestak bertze modu batera disfrutatzen dituzu». Hala ere, arduren eta zereginen artetik gogoak eta ilusioak bide propioa harpatu ohi dutela gaineratu du: «Herriko bestak herritar guziendako bereziak direla erranen nuke, gogoz eta ilusioz antolatuak daudelako».
Bertzalde, aurten, urtero bezala, nahiz eta bestak gogotsu eta denbora tarte zabalarekin antolatzen hasi, oztopo eta zailatsunekin topatu direla erran du Etxaidek: «Gogotsu hasten gara bestak antolatzen, baina, prozesua atzinerat joan ahala, bidean oztopo aunitzekin aurkitu ohi gara. Urte hasieran lehenengo bilera egiten dugu musika taldeak eta bertzelakoak lotzen hasteko». Musika taldeak lotzea zailena izan ohi dela argi utzi du, Oronozko bestak inguruko bertze hainbat herritako bestekin batera tokatzen baitira.
Bingoa aurten
Herritar guziendako egitaraua egokitzen saiatzen dira nola edo hala eta urtez urte balorazioz balorazio aldaketak eta moldaketak egin behar izaten dituzte. «Urtero gauzak hobetzen saiatzen gara, aitzineko urtean ongi atera ez zena aldatuz eta ongi atera zena mantenduz». Aurten, adibidez, herri bazkarian moldaketaren bat egin dute: «Aldaketa bat izanen da bestetako azken egunean, azken urteetan herri bazkarian, bazkalondoan, gasna bat pasatzen zen mahaiez mahai, bakoitzak gasna hartu eta bere pisua zein zen asmatzen saiatzeko. Aurten, ez da hori eginen eta, horren partez, bingo bat eginen dugu». Azkenik, Etxaidek bestak antolatzeko orduan biltzen duten laguntza guzia eskertu du eta Oronoz-Mugairiko bestetara gomita zabaldu du.