Ttipi Txartela

«Gure hizkuntzarekin beztitzeko aukera eskaini nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Itsasne Arguelles

Itsasne Arguelles eta Unai Villacortak hiru urte daramatzate euskal kultura eta arropak fusionatzen, euskal atsotitz eta esamoldeak hartuz serigrafia propioak sortu eta Hara Bi beraiek sortutako arropa markari izaera sendoa eraikitzen

Duela hiru urte hasi ziren Itsasne Arguelles eta Unai Villacorta Hara Bi, beraiek sortutako markako arropak saltzen. «Euskaraz beztitzeko aukera gutti zegoela ohartu ginen eta euskal atsotitzak erabiliz euskal hizkuntza bultzatzeko arropa marka berri bat plazaratzea erabaki genuen». Horrela, «euskal atsotitz horiek berriz ere gizarteratzeko eta euskararen alde egiteko» helburuarekin. Euskararen alde egiteaz gain, bertako ekoizpen jasangarriaren alde egiten dute: «Arropak eskuz serigrafiatzen dituzte Donibane Lohizunen eta arropa organikoa izatea kontuan hartzen dugu, balore jasangarriak zaintzen ditugu».

Hara Bi arropak Euskal Herri osoan hedatzen ari dira poliki-poliki eta hemen inguruan Amaiurko museoan daude salgai. Bertzalde, beraien webgunearen bidez (www.harabi.eus) edota Instagram bidez (@harabi.diseinuak) lortu daitezke eta Euskal Herrian azokaz azoka ibili ohi dira ere urte osoan. «Etorkizunera begira, diseinu diferenteak ateratzeko helburua dugu, betiere gure kulturarekin eta hizkuntzarekin harremanean segituz. Eta Euskal Herri mailan guttinaka zabaltzen eta lekua hartzen joan nahiko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun