Garaxi Gartzia Mendiberri elizondoarrak egin ditu aurtengo Baztandarren Biltzarra jauntziko duten kartela eta iruditegi osoa. Gartziak artearekiko atxikimendu handia izan du betidanik: «Gaur egun, arte ederrak ikasten ari naiz, baina ttikitatik egon izan naiz beti margotzen eta arteen mundu zabalean murgildurik». Bere bizitza arterik gabe imajinatzen ez duela aitortu du eta pintura ahots gisa erabiltzen duela aipatu du: «Ezingo nintzen arterik gabe bizi, inkontzienteki bada ere, nire bizitza osoa eta gertatzen zaizkidan gauza guztiak artearekin lotzen baititut, espresatzeko eta komunikatzeko manera hoberena kontsideratzen baitut pintura». Eta oraingoan ere, espresatzeko tresna gisa erabili du artea, Baztandarren Biltzarrako kartela sortu baitu eta beretako besta honek suposatzen duen guztia pintzelkadaz pintzelkada bertan islatu baitu.
«Orain gibelera begiratuta proposamena onartu izanaz ez naiz batere damutzen, beharrik baiezkoa ematera ausartu nintzen»
Nola hasi zen proiektu hau, Garaxi?
Abendu aldera Baztandarren Biltzarrako komisioan dagoen lagun bat proposamenarekin etorri zitzaidan eta niretako sorpresa handia izan zen. Hasieran ez nuen baiezko erantzuna argi eduki, beldurrak eta segurtasun falta agertu baitziren. Ardura handia iduritzen zitzaidan eta ez nekien kapaza izanen ote nintzen lana aitzinerat eraman eta espektatibak bete edo gainditzeko. Hala ere, buruko torlojuak martxan jarri eta ideiak imajinatzen eta diseinuak irudikatzen hasi nintzen nire buruaren baitan. Azkenean, martxo aldera lagun bera hurbildu zitzaidan erantzun baten eske eta baiezkoa eman nion sobera pentsatu gabe. «Zertaz ez, Garaxi?» izan zen une horretan pentsatu nuen bakarra. Orain gibelera begiratuta proposamena onartu izanaz ez naiz batere damutzen, beharrik baiezkoa ematera ausartu nintzen.
Nola sentitu zara kartela egiteko hautatua izateagatik?
Arras eskerturik egon naiz proposatu zidaten momentutik, nahiz eta hasiera hartan segurtasun falta agertu zen. Alde batetik presioa sentitu dut lana ongi garatu nahi nuelako eta huts egin nahi ez nuelako, baina aldi berean harro eta kontent sentitu naiz momentu oro. Ilusio handia egin dit nigan pentsatu izanak eta hautatu banaute zerbaitengatik izan dela ere pentsatzen ahalegindu naiz prozesu osoan.
Zer ageri da zure kartelean eta zer transmititu nahi izan duzu horrekin?
Baztandarren Biltzarraren esentzia bildu nahi izan dut iruditegian. Hasiera batetik, besta honek ahalbidetzen duen herritarren arteko lotura islatu nahi nuela argi neukan eta elkarren artean kate moduan lotutako zapien bidez lortu dut hori. Lotura horrekin, elkartasuna erakutsi nahi izan dut eta elkartasunean eta jendartean agertzen den aniztasuna irudikatzeko aprobetxatu ditut zapi diferenteak. Baztandarren Biltzarra eguna elkartasunaren definizioa da, baina aniztasunarena baita. Denak elkarrekin eta denak desberdinak. Eta hori izan da nire helburua, Baztandarren Biltzarra eguneko jantzi anitzetako zapiak hartzea, elkarrekin lotzea eta denak kartel barnean sartzea. Elkartasunean aniztasuna badagoela erakusteko eta kartelean zapi guziak kabi diren bezala, Baztandarren Biltzarra egunean denak kabi garela edota denak kabi beharko ginatekeela oihukatzeko.
«Bertzelako altxor ttikiak ere aurkituko ditu kartela ongi begiratzen duenak»
Zein zapi ageri dira eta zergatik zehazki horiek?
Nire inguruko jendearen zapiak ageri dira, familiakoenak eta lagunenak batez ere. Horrez gain, nire zapia baita ageri da, ni ere banaizelako Baztandarren Biltzarraren parte. Bertzalde, bertzelako altxor ttikiak ere aurkituko ditu ongi begiratzen duenak. Horien artean, adibidez, zapi more bat aurkituko du besta seguruago baten aldeko aldarrikapen gisa eta zapietako batean eguzkilore bat ere ikusiko du babesa eta leku seguru baten sentsazioa transmititzeko eta hemengo tradizioa oroitzeko asmoz.
Eskuz egin duzu iruditegia. Zertaz eta zein teknikarekin?
Bai, eskuz egin dut kartela, pintzelez zehazki. Horrela, Baztandarren Biltzarra eguneko dinamismoa eta bizitasuna transmititzen saiatu naiz pintzelkada arin eta laxoen bitartez. Eskuz egin ohi ditut lanak, eta nahiago dut. Hobeki espresatzen naizelako eskuak zikintzen ditudanean eta lanari naturaltasuna ematen diolako ere eskuz egiteak. Eskuz egindako lanak begiratzean gibeleko aldean pertsona bat ilusioz lanean ikustea erraza suertatzen delako.
Inspirazio iturririk eduki duzu?
Bai, erran bezala, zapiak aukeratzeko momentuan ingurukoen jantzietakoak izan dira inspirazio iturri eta, teknika aldetik, Diana Iniesta erranen nuke izan dela inspirazio iturri nagusia. Duela urte batzuk Iniestarekin pintura klaseak eman nituen eta ordutik nire margotzeko estiloa guttinaka aurkitzen hasi nintzela erran daiteke. Iniestak pintzelkada laxoak eta arinak erabiltzen zituen eta perfekzioa bilatzen ez zuela ohartu nintzen. Trazuak xehetasun osoz definitzen saiatzen ez zela ohartu nintzen, eta gustatu zitzaidan. Ordutik poliki-poliki estilo horren bidea segitu dut eta hori bera izan da iruditegi hau garatzeko erabili dudana.
Nola izan da prozesua? Nola bizitu duzu?
Lana garatzea etengabeko ikasketa prozesua izan da. Nire lehendabiziko lan potentea izan da eta beldur eta segurtasun falta sumatu dut momentu aunitzetan, batez ere erabakiak hartzeko momentuetan. Erabakiak hartzea kostatu egiten zait eta lanak akitutzat ematea ere kostatu egiten zait, beti hobetzeko aukera dagoela pentsatu ohi dudalako. Egia erran, ideiei dagokionez, zapiena bururatu zitzaidan lehenengoa izan zen eta ezin izan nuen burutik kendu, beraz, hasieratik hori lantzen hasi nintzen. Hala ere, erran bezala, erabakiak hartzea kostatu egiten zait nire buruarekiko konfiantza faltagatik akaso; eta hortaz, zapien ideiaren aldeko apustua egitea eta ideia segurtasun osoz finkatzea zaila egin zitzaidan. Hala ere, behin erabakia hartuta potentzial guztia ateratzen diot ideia horri eta ahal dudan hobekien egiten ahalegintzen naiz prozesua hasten dudanetik akitzen dudan arte. Eta kasu honetan hori egin dut, zapien ideia esplotatu egin dut hondar emaitza honetara ailegatu arte.
Kartelaz gain, iruditegi zabala osatu duzue.
Bai, pegatinak, poltsak, bazkariko txartelak, tonbolako kartelak, etab. egin ditugu eta bakoitza bakarka landu dut. Kartela izan da abiapuntu hurrengo guziak sortzeko, baina bakoitzari bere denbora eskaini behar izan diot.
Nola izan da egindako lana plazaratzea?
Esperientzia ona izan da. Hasieran urduri nintzen jendeak zein erreakzio edukiko zuen ez jakiteagatik, baina orain behin plazaratu dela eta jendeak lana baloratzen duela ikusita, arras kontent eta eskerturik nago. Azkenean kartelak izan duen harrera ona ikusita, gustura gelditu naiz egindako lanarekin.
«Etorkizun urrunago batera begira, lan honek animoak eman dizkit bide honetatik segitzeko eta gehiago motibatu dit»
Hemendik aitzinerat zer?
Etorkizun hurbilera begira, ilusio handia egiten dit Baztandarren Biltzarra eguna ailegatzeak, eta nire diseinua karriketan ikusteak: Karteletan, pegatinetan, bazkariko txarteletan... Gainera, egunean bertan, joan den urtean bezala, postua jarriko dut eta nik diseinatu eta margotutako poltsak salduko ditut. Beraz, horrek ere ilusio handia egiten dit. Bertzalde, etorkizun urrunago batera begira, lan honek animoak eman dizkit bide honetatik segitzeko eta gehiago motibatu dit. Esperientzia arras aberasgarria izan da niretako.