Nor da Sara Arriada?
Sormenerako irekia dagoen Azpilkuetan sortu eta hezitako neska gaztea.
Zer duzu gustuko?
Arteak gustatzen zaizkit, eskultura bereziki. Baina azken aldian etxeko animaliekin egotea bihurtu da nire eguneko momenturik atseginena.
Aurten herriko bestak antolatzen ibili zara buru-belarri, nola bizitu duzu?
Motibazio handiarekin, hasieratik motibatuta sartu bainintzen eta egia erran, esperientzia aberasgarria izan da.
Zer izan da antolatzerako orduan gauzarik zailena?
Egitaraua osatzea eta ekitaldi guztien ordutegiak bateratzea izan da zailena.
Zer nabarmenduko zenuke?
Elkarlana eta parte hartze handia nabarmenduko nituzke.
Nola bizitzen dituzu bestak?
Sanferminetan direnez, datagatik Azpilkuetako bestak lasaiak izan ohi dira, baina nire herrikoak direnez, ilusio handiz hartu eta bizitzen ditut.
Bestak bizitzeko eta sentitzeko modua adinarekin aldatu zaizula erranen zenuke?
Bai, adinarekin aldatu dela erranen nuke. Lehenago goitik beheiti gozatzen nituen, ardurarik gabe eta ongi pasatzeko asmoz. Orain, ardura gehiago hartzen ditut eta hori nabaritzen da. Antolakuntzan egoteak bertzelako ikuspegia ematen dizu: Ez zara soilik parte hartzailea, baita erantzulea ere.
Zergatik dira bereziak Azpilkuetako bestak?
Ez dira handiak, baina bihotzez antolatzen dira urtero eta horrek egiten ditu hain berezi batez ere herrikoentzat.
Zer da bestetatik gehien gustatzen zaizuna?
Giroa. Jendea plazara ateratzen da, musikarekin, irribarrearekin, eta denak errutinatik ateratzen gara momentu batez. Herri ttikietan halako giroak arras bereziak dira, eta egunerokotasunean falta diren energia eta bizipoza ekartzen dute.
Zein dira zure helburuak epe motzera?
Momentuz, uda eta bestak ahalik eta gehien gozatzea.
Zein dira zure helburuak epe luzera?
Nire burua gustuko dudan zerbaitetan lanean ikustea. Artearekin, kulturarekin edo herriarekin lotutako zerbait egitea gustatuko litzaidake, ahal bada, hemendik urrun joan gabe.