Baztanek «proiektuak, ideiak eta benetako elkarrizketa» behar dituela dio Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 13a, 16:30

Joan den astean Baztango Geroa Baik ohar bat publikatu zuen, salatuz Udal Gobernu Taldeak «aurrekontu orokorrari egindako alegazio guztiak baztertu zituela inongo arrazoirik eman gabe». Gobernu taldeak erantzuna eman zion oharrari, argudiatuz alegazioak «aurrekontu orokorren onarpena gibelatzeko joko politikoa» izan zirela. Gaur koalizioak bertze ohar bat kaleratu du, udal taldeari erantzunez.

Baztango Geroa Baik adierazi duenez, «eztabaida politikoa gauza garrantzitsuetatik desbideratu da: herritarren bizitza hobetzeko proposamen zehatzak, alegazioak baztertzeko arrazoirik ez baitu eman EH Bilduk. Bere bulegoak beti irekita daudela dio, baina errealitatea bertzelakoa da, ez baitio udalbatzari informazioa elkarbanatzen. Gobernatzen duenari eskatzen ahal zaion gutienekoa da sustatzen dituen proiektuei buruz gardentasunez informa dezala, baita garatzen ez dituen eta aintzat hartzen ez dituen proiektuei buruz ere».

Zehazki, Geroa Baik proposamen hauek aurkeztu zituen aurrekontuen alegazioetan:

  • «Udal baso mintegi bat sortzea, duela 70 urte Baztanen jada egon zena bezalakoa».
  • «Fruta arbolak landatzea, horiek saltzeko helburuarekin, bailarak dituen 375 km² aprobetxatuz, hein handi batean azpierabilia baitago».
  • «Baztan Bailarako Arkitekturaren Museo bat martxan jartzea Iruritako Dorrea dorretxean, zaharberritze duina eskatzen duen eraikina baita».
  • «Elizondoko eliza ondoko aparkalekua berreskuratzea, gaur egun hondaturik baitago, bertzeak bertze, ornamentuzko lau zuhaitz gazte arrazoirik gabe moztu izanagatik».

Gehitu dutenez, «proposamen hauetako bakar batek ere ez du azalpenik ezta justifikaziorik jaso udal taldearen aldetik. Arrazoirik gabe baztertu dituzte, anbizio guttiko aurrekontuak aurkezten dituen bitartean».

Horrez gain, «Baztango Geroa Baik euskararekin duen konpromisoa zalantzan jartzea onartezina da. Tramite hutseko  bi gai ez genituen onartu, ez hizkuntzaren aurka gaudelako, baizik eta Euskararen Plan Estrategikoa eztabaidatzeko beharrezkoak ziren bileretara ez gintuztelako deitu. Dokumentu hori EH Bildu eta Zurekin taldeek bakarrik onartu zuten, bortz udal taldetatik hirurekin elkarbanatu gabe».

Hori dela eta, «Baztanek proiektuak, ideiak eta benetako elkarrizketak behar ditu. EH Bildu ohartu beharko litzateke kritika eraikitzaile oro lan demokratikoaren zati dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun