Joan den astean argitaratutako ohar batean, Baztango Geroa Baik salatu zuen «aurrekontu orokorrari egindako alegazio guztiak baztertuak izan zirela, EH Bilduk inongo arrazoirik eman gabe». Hori dela, Udaleko Gobernu Taldeak argi utzi du «alegazioak ez zituela EH Bilduk baztertu, gehiengo batek baizik, zehazki, Udal Gobernu Taldea osatzen dugun EH Bildu eta Zurekin Baztan alderdiek». Gainera, «kontu hartzailearen txostenak argi erakusten zuenez, alegazio gehienak ez ziren ongi aurkeztu».
Hala ere, «hori alegazioak baztertzeko arrazoi nahikoa ez bada, osoko bilkuran adierazitakoa gogora ekarri nahiko genuke, hau da, Geroa Baiko zinegotziaren, Lander Santamariaren, joko politikoa izan dela alegazioak aurkeztea, Baztango aurrekontu orokorrak oztopatzeko. Argi eta garbi azaldu zitzaion alegazioak aurkezteak aurrekontuak gibelatzea ekarriko lukeela, eta aldaketaren bat egin nahi izanez gero, hobe zuela gobernu taldearekin solastatzea eta aurrekontu moldaketa baten bidez egitea. Alegazioak aurkeztea baino aunitzez errazagoa eta azkarragoa izanen litzateke. Dena den, Lander Santamariak bere hautua egin zuen eta aurrekontuak boikoteatzeko asmo garbiarekin aurkeztu zituen alegazioak».
Horrez gain, Geroa Bairen oharrak dio «EH Bilduk ez dituela gainerako taldeen proposamen eta ideiarik eskatzen. Hori ere gezurtatu beharrean gara, izan ere, aunitzetan erran diogu gure bulegoko ateak zabalik dituela zerbait proposatu nahi izanez gero. Baina legegintzaldiko bi urte hauetan Santamaria ez da inoiz guregana hurbildu, nahiago izan du prentsaren bidez bazterrak nahasi».
Hori dela eta, «argi dago Lander Santamariak ez duela proposamenak egiteko borondaterik, eta Udal Gobernu Taldearekiko duen gorrotoa behin eta berriz erakusten du, bere alderdiaren oinarri politikoak alde batera uzteraino. Nola uler daiteke bertzenaz gurekin bozketetan bat ez etortzea, adibidez, Euskaraldia ez babestea edota Elizondoko Eskola Publikoa PAI eredutik D eredura pasatzeari babesa ez agertzea?».
Azkenik, «bertze behin publikoki erranen diogu Santamariari: gure bulegoetako ateak zabalik dituzu proposamen eraikitzaileak egin nahi izanez gero. Zure esku dago aukera hori baliatzea edo orain arte bezala prentsaren bidez Baztango jendartea nahasten saiatzea».