Begok, adibidez, «fisioterapia obstetrikoa eta uroginekologikoa» lantzen du, «baita zoru pelbikoarekin lotua dagoen edozein arazo ere. Talde saioak egiten ditugu haurdun dauden edo erditu duten emakumeendako, baita zoru pelbikoaren zaintza lantzeko ere. Gizon zein emakume, denok dugu zoru pelbikoa, baina egia da taldeetara emakumeak bakarrik etorri ohi direla, guk izaten baititugu arazo gehiago horrekin».
Oihaneri dagokionez, «umeetan espezializatu da, sortu berrietatik nerabezarora arte. Sor daitekeen edozein arazo lantzen du, lesio eta traumatismoak baina baita psikomotrizitate edo garapeneko arazoak ere. Azken aldian, sortu berrietan bularra hartzeko arazoak ere lantzen ari da».
Azkenik, Rafa «ekografian formatua dago, eta tendoi eta giharren balorazioak egiteko erabiltzen du ekografoa. Horrekin diagnostikoak egiten ditu, eta orratzen bitartez terapia inbaditzaileak erabiltzen ditu arazo muskulu-eskeletikoak konpontzeko».
Azaldu duenez, «lantalde bat gara, eta pazientearen onura da gure helburua. Batek ez baditu lan tresnak edo baliabideak onura hori lortzeko, bertzeari pasatzen diogu. Bakoitzaren trebetasunekin elkarren lana osatzen dugu».