Joan den igandetik gaur arte, hamarnaka lagunen bizilekua izan da Elizondoko plaza. Antolatzaileen erranetan, «2021eko kanpaldian sentitu zen harrotasun berdina sentitu dugu lau urte beranduago, berriz ere injustizia baten aitzinean, egin dugun kanpaldi honetan. Ez zen erronka erraza maiatzean, astetartez, Elizondoko plazan jende nahikoa biltzea, eta bertze behin harrituak gelditu gara bai baztandarren zein Euskal Herriko komunitatearen elkartasunarekin. Mila esker beroena egun hauetan nola edo hala babesa, laguntza eta elkartasuna eman diguzuen guziei».
Egunero «jende aunitz biltzea lortu dugu, lo egiten eta ekitaldi guztietan. Batez ere arratsaldeetako elkartasun keinuetan, ehun pertsonatik hurbil arratsaldero, eta plaza betea azken elkarretaratzean. Ekimen guziak bikain atera dira, bai aisialdi ekitaldiak bai politikoak. Ekitaldi politikoetan herri baten irakurketa osatu da egunez egun, hainbat testigantza eta ikuspuntutatik aztertuz Aroztegiko gatazka, baina denek mezu komun batekin: proiektuaren aurka eta absoluzioa galdeginez».
Hortaz, «alderdi kualitatiboari dagokionez ere, balorazio arrunt ona egiten dugu eta indartuta atera gara kanpalditik. Herri oso bat astakeria horren erabat aurka dagoela argi gelditu zaigu eta akusazioa jarri duen enpresak eta hori babestu duten aktore guziek legitimitate osoa galdu dutela ebidentzia bat da. Bistakoa da desobedientzia zibilia, ekimen demokratiko hori, kriminalizatu nahi izan dela eta hori onartuko ez duen herri bat dagoela hemen».
Hurrengo hitzordu garrantzitsua «maiatzaren 19an hasiko den epaiketa, eta epaiketa indar handiarekin hasi nahi dugunez, deialdi berezia egiten dugu astelehenean bertaratzeko».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!