Lekarozko Aroztegia proiektuaz

KRONIKA: Aroztegiko elkartasun kanpaldiaren borzgarren eguna

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 10a, 08:00

Kanpaldiaren azken kronikak ortziraleak emandakoak bildu ditu; bizikletak eta umore ona nagusi.

Azken-aitzineko eguna. Penarekin ere, nostalgia punttu bat. Posible ote? Posible da, momentu gordinetan ere jendearekin egoteak ematen baitu pauso bat eta bertze egiteko indarra. Lortxingatzen ari zen zeru batekin ernatu zen Elizondoko plaza. Kafearen urrinak eta hondakinen kamioiaren soinuak egin zuen kanpin dendetan, karakolek lepoa luzatuko balute bezala, buruak agertzea. Goiza lasai joan zen, aisialdi, lan eta bisitekin. Atzokoan Elizondo Lanbide eskolako irakasleen bisita izan genuen, Oronozko Lanbide Eskola berriaren borrokan haiek jendearen elkartasuna sumatu zutela erran ziguten, eta, nolabait, eskertzeko beharra zutelakoan gurera hurbildu ziren, Aroztegiko Elkartasun Komiteko aldarriei babesa ematera.

Luxuzko hotelik ez dugu, baino luxuzko bazkaria izan genuen, berriz ere jendearen borondatezko lanak prestatua, bakoitzak bere alea. Jorra bat arbi bat, bi jorra bi arbi. Bazkalondoan izan genuen eguneko hitzorduetako bat: bizikleta martxa. Ordurako eguraldia kaskartzen hasia zen, baina, hala ere, hamarnaka pertsona Elizondoko plazan umorez eta indarrez. Horietako batzuk egun aunitz plazan, nekea ere sumatzen zen gehienen aurpegietan, haiendako ere txalo. Bizikletak zapi horiz apaindu eta Tatxersen ta betirako Aroztegia bizirik egon dadila bozgorailuetatik aditzen zela hasi ginen pedalka Jaime Urrutian barrena Baztanberri aldera. Aroztegia geldituko dugu!, lurraren defentsa ez da delitua, ez dira zazpi, herri bat gara eta absoluzioa leloak entzun ziren Elizondo eta Elbeteko karriketan, euriaren tanta gero eta biziagoek txirrindulariak plazako aterpetara bidali zituzten arte, plazan bertze batzuk elkarrizketak egiten edo tokia txukuntzen ari zirela.

Guardasolak eskutan, eguneroko elkartasun keinura hurbildu ziren dozenaka lagun, baita Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa eta Baztangoiza kuarteleko jendea ere. Bertzeak bertze, irakurketan erran zutenez, «lurra, bizitzaren oinarri den heinean, gure borroken erdigunean kokatzen da. Horregatik, gaur, Baztanen, landa eremuko emakumeok* irmoki berresten dugu: ez gara isilduko ezta geldituko ere gure gorputzak eta lurrak defendatzen segitzeko bidean! Aroztegiko pelotazo urbanistikoaren aurkako desobedientzia ekintza baten ondorioz auzipetuak izan direnei gure elkartasun guztia adierazten diegu. Aldi berean, salatu nahi dugu gure inguruan sistematikoki ematen ari den herri lurren xehaketa eta desjabetzea». Horrez gain, kantuan ere aritu ginen kolektiboan, batzuk paperak eskuetan, bertzeek gitarra, EHko Emakumeon Mundu Martxak eginiko kantu bat ahotan.

Afaltzeko udalaren arkupetan altxatu ginen, letxuga eta B12 bitamina ausarki, irudi hunkigarria osaturik nahigabe ortziraleko azken izpiak erortzen zirela: gure instituzio zaharrak babesean hartu zituen hura babesten ari direnak. Trikitixa eta pandero bat agertu ziren ondotik eta kantu zaharrak eta berriak, kantu herrikoiak, abesten joan zitzaigun kanpaldi eder honen azken gaua, lagunekin, zapi horiak lepoan, nekea eta poza aurpegian, itxaropen kimu batzuk bihotzean, euria oihal etxeen teilatuetan erortzen zela, arkupeetatik herri baten ahotsa aditzen zen, Anje Duhalderen Jakintasunaren estrofak kantatuz:

Kapitalistak pobrearentzat axola batere ez du;

partikularzki laborariak kontrario sobera du;

aberats puxant errege haundi, dutenak hoinbeste gradu

denek goseak hil behar dute lurrak ematen ez badu

Azken ekitaldia

Kanpaldia akitzeko, Aroztegiko Elkartasun Komiteak elkarretaratzea eginen du gaur eguerdian, Elizondoko plazan 12:00etan. Elkarretaratze zaratatsua izanen da eta asotsa egiteko tresnak eramatera animatu dute jendea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun