Goiza ederki hasi genuen, denbora lagun baikenuen. Egunarekin hasteko, gosaldu eta ondotik, herriak eta errepideak apaindu genituen egun hauetan eginiko pankartekin. Eguerdia hurbildu bezain fite bazkaldu genuen.
Arratsalde aldera, Aroztegiko kanpaldian kirolak berak izan zuen garrantziari keinu eginez, boleibol txapelketaren tenorea ailegatu zen; horretarako, lehenik, joko taldeak osatu eta izenpetu genituen, Lapaitza CD gisako izenekin, eta gero txalpeketan buru-belarri aritu ginen.
Arratsalde akabera hurbildu bezain pronto, Elizondo kuarteleko jendea hurbiltzen hasi zen mantso-mantso. Atzokoan, Baztanen Bizi Nahi dugu eta META taldekoek hartu zuten hitza elkartasun keinuan eta etxebizitzaren gaia ekarri zuten hizpidera. Etxegabetze baten arriskuaz jakinarazi ziguten, martxoaren 20an izan behar zena. Antolakuntzari esker, abenduaren 30era arte gibelatzea lortu dutela jakinarazi zuten. Ondotik, aipatu zuten etxebizitzaren auziak duen garrantzia Baztan gisako bailaretan, eta zenbateraino eragiten duen honako kasuetan. Izan ere, Baztanen 200tik goiti eraikin turistiko daude, 1.500 etxe huts eta bigarren etxebizitza turisitikoez gain. Etxebizitzaren merkantziak gizarte kapitalistan duen zentraltasuna salatu zuen META taldeak. Instituzio eta alderdiek sustengatzen duten logika hori irauli ezean, Aroztegia gisako proiektuak geldituko ez direla nabarmendu zuten.
Eguna akitzeko, jendeak elkartasunez ekarritako patata tortilekin afaldu genuen. Gaualdia guziz goxatzeko, Madam Birrotsen kontzertua izan genuen, doinu goxoz akabarazi zuena gaurko eguna. Bidenabarren bizpahiru kantuk akitu zuten gaua eta ilargi azpian, gitarra eta biolina lagun, elkarrekin kantatu genituen kantu zaharrak nekeak ohatzera bidali gintuen arte.
Gaur ekitaldi gehiago eta bihar akituko da kanpaldia
Gaur, maiatzaren 9an, egitarauak segida izanen du Elizondoko plazan:
- Goizean solasaldia
- 13:30ean bazkaria
- 17:00etan bizikleta martxa Elizondotik
- 19:00etan elkartasun keinua: Emakumeen Mundu Martxa eta Baztangoiza kuarteleko herritarrak
- 21:00etan afaria
- Afal ondotik triki panderoa
Kanpaldia bihar, larunbata, akituko da. Goizean dena bilduko dute eta 12:00etan elkarretaratze zaratatsua izanen da plazan. Jendea animatu dute elkarretaratzera agertzera eta haiekin batera tresnekin asotsa egitera auzipetuen alde.