Lekarozko Aroztegia proiektuaz

KRONIKA: Aroztegiko elkartasun kanpaldiaren hirugarren eguna

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 8a, 09:00

Asteazken goizean Aroztegirat martxa egin zuten kanpaldiko kideek, eta arratsaldean musika izan zen nagusi. Elkarretaratzean Lekarozko Herria izan zen protagonista, eta alkateak zein proiektuak kaltetutakoak mintzatu ziren. Eguna borobiltzeko, zirko ikuskizuna izan zuten gauen. Hementxe komitearen kronika:

Astearte gaua indarrez akitu bagenuen, asteazkena egundokoa izan zen! Plaza idor iratzarri zen, baino giro onean, goiz-goizetik kafearen bueltan. Lehendabiziko hitzordua segituan etorri zen: Aroztegirako martxa.

Hogei bat pertsona abiatu ginen 10:30ean Lekarozko Tellari auzora, Aroztegiaren eremuetara. Paseoa ederra da berez, are ederragoa eguraldi onarekin. Hango eremuetara hurbiltzen ginen heinean hasi ziren 2021eko kanpaldiko anekdotak pixkanaka gure burura etortzen: bide honetan goiti eta beheiti ibili ginela, hantxe paratu genuela kanpin-denda eta han egon zirela poliziak. Oraingo egoerak hor du jatorriaren zati bat, kanpaldi horren ondoren eta bertan egin ziren protesta demokratikoengatik etorri baitira orain zigor eskakizunak. Baina, bertzalde, eremu horiek ezagutu genituenean bezain eder daude oraino: larre berdeak, errekastoak, bioaniztasun bikaineko eremua, aziendendako bazkaleku onak, eta halaxe segituko dute bertze ehunka urtez.

Kanpaldira itzuli eta bazkalondoan egitarau betea: 18:00ean Kinbonboko musikariak etorri ziren plazara eta, giro bikainean, hamarnaka lagun abiatu ginen Santiago hiribidean barrena, eta Paularenatik egin zen itzulia plazan berriz akitzeko. Han jo zuten azken kanta, denek koroak errepikatzen zituztela: Aroztegia bizirik!.

Plaza jendez lepo zegoela, elkartasun keinuan lekaroztarren zinpeko alkateak hartu zuen hitza gaurkoan, Mattari Plazak. Hark proiektuaren historiaren errepaso zabala egin zuen, bertan egon diren hainbat gertakari eta momentu nabarmenduz. Ondorio pare bat ere azpimarratu zituen. Lehendabiziko, proiektua behin betiko geldiarazteko ardura Nafarroako Gobernuari dagokiola, UGEPa onartu zenean ez zelako inolako prozesu parte hartzailerik izan eta gainera 2009ko Lekarozko herri galdeketan eta 2016ko Baztangoan proiektuaren aurka agertu zirelako herritarrak. Bigarrenik, inposizio hori onartzeko prest ez daudela azpimarratu zuen. Bide horretan izandako kriminalizazioa ere oroitarazi zuen, baita zenbait alderdik guzi honetan izan duten paper tamalgarria.

Mattariren erranak osatzeko, Ainhoa Astiz lekaroztarrak idatzi bat irakurri zuen, non azaltzen zuen nola proiektuan lekaroztarrenak diren nekazari lurrak sartu zituzten, horrela, 'konpentsazio batzordean' proiektuaren aurka zeuden haiek ere sartuz. Lekarozko Agerrea, Lartxea eta Iruin etxeek sinatutako testua izan zen.

Baina, hor ez ziren akitu egunekoak: Baztango Mindeitzen ahotsekin gozatu genuen, plaza guzia kantuan jarriz, eta gero, etxean eginiko pizza batzuk afaldu bitartean, kabaretaz gozatzeko aukera izan zen. Ehun lagunetik hurbil plazan bildu ziren, Iruñerriko hainbat artistek beren akrobaziak egin bitartean, uztaian, sokan edo malabaretan, txalo zaparrada artean. Gozatzeko eguna izan zen, borrokak ere elkartasunaren momentu ederrak baititu. Segur gaude kezkatuak daudela akusazioa egin dutenak, ikusten baitute legitimitate guzia galdu dutela.

Ortzeguneko ekitaldiak
  • Goizean N121aren apainketa
  • 13:30ean bazkaria
  • 17:00etan boleibol txapelketa
  • 19:00etan elkartasun keinua: Meta, Baztanen Bizi Nahi Dugu eta Elizondo kuarteleko herritarrak
  • 21:00etan afaria
  • Afal ondotik Madame Birrots

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun