Euri tanta eta ezkilen soinuekin iratzarri ginen asteartean Elizondon, kanpin-dendez eta zapi horiz beteriko plazan. Goiza pankartak margotzen joan zen, egun hauetan aldiro errepikatzen dugun leloa idazten: Aroztegikoendako absoluzioa orain!.
Bazkalondoan artistak hurbildu ziren kanpaldira, kioskoan beren margolanekin hastera, eta gauerdira arte egon ziren lanean gelditu gabe. Kartoi batzuekin eginiko murruetan Aroztegiko kanpaina honetan agertu diren lau kartel moldatu dituzte dimentsio handietako margolanetara. Joanes Altxuk herria jan nahi duen edo herriaren ohiua izaten ahal den aho bat egin du, kartel originala eraldatuz gainean txertatuz irudi pare bat. Juan Angel Perotxenak Aroztegiaren mugimenduan erabilia izan den golf makildun heriotza berreskuratu du, kasu honetan zaldi gainean –apokalipsiaren zalduna bezala-, banderatzat euroa, hautetsontzi bat sutan eta erresistentziaren gezi batzuk han-hemenka. Garaxi Inziarteren irudian Aroztegiaren borroka 2021eko kanpaldiko sustraiekin lotzen da: hartan gu ibili ginen lurraren defentsan eta orain lurretik sortutako babesleak defendatzen gaitu gu. Pello Fagoagaren margolanean loreak –bakea, natura- ageri dira, baita makinak eta golfeko makilak, pribilegiatuen aisialdi suntsitzailea irudikatuz eta mezu zuzena: ze aldetan zaude?. Lau margolanak Elizondoko plazan egonen dira ikusgai.
Arratsaldeko elkartasun keinuan Erbereko eta Batzar Nagusiko kideak bertaratu ziren eta haien arrimuan hamarnaka lagun. Komiteko kideek egin zuten irakurketa eta Batzar Nagusia, baztandarren ordezkaritzarako organo nagusia izaten ahal dena, balioan paratu zuten, urtetan proiektuaren aurkako borrokan izan duen papera nabarmenduz, instituzio eta karrikak elkarlanean. Baina, Baztanen 'Marina D’Or' bat egiteko UGEParen trikimailua erabiliz organo horren gainetik pasatu zirela salatu dute bertze behin. Urtetako borroka gordin horren adierazle ere Batzarreko kideek jasan izan duten errepresioa, oraingo zazpien kriminalizazioa larriena izanagatik ez baita istorio honetan lehendabizikoa.
Komitearen ondotik Fernando Anbustegi Batzar Nagusiko buruak hartu zuen hitza, maila pertsonalean solastatuz baina segur aski Batzarreko gehiengo handiaren iritzia ordezkatzen. Anbustegik ere Batzar Nagusia balioan paratu zuen, Baztango instituzio zaharrenetakoa, eta mendetan lurraren defentsarako izan dena. Erran zuenez, ordenantzen bigarren artikuluan argiki adierazten da Batzar Nagusiaren eginbeharra herri lurrak defendatzea dela, baita lurren pribatizazioen aurka egitea ere, eta segur aski mandatu horri zor zaiola ere oraino Baztango lurren %84 komunalak izatea. Bide beretik, Komiteari eskertu zion lurraren defentsan eginiko lana, horretan eredu direla ere erranez.
Gaua ederra izan zen: 50 lagun inguru bildu ziren plazan mahaiaren bueltan, Lierni Oteiza eta Olaia Inziartek trikitixa eta panderoarekin girotutako afarian, dantza eta kantu, elkartasunaz gozatuz. Komunitatearen momentutxo ederrak. Atzoko eguna izan zen bezala izan dadila prozesu hau: gero eta indar gehiagoz aitzinerat!
Gaurko egitaraua
- 10:30ean Aroztegirat martxa
- 13:30ean bazkaria
- 18:00etan kalejira Kinbonbo Brass Band taldearekin
- 19:30ean elkartasun keinua: Lekarozko herritarrak
- 20:00etan Baztango Mindeitzea
- 21:00etan afaria
- Afal ondoan zirko kabareta