Lekarozko Aroztegia proiektuaz

KRONIKA: Aroztegiko elkartasun kanpaldiaren lehenbiziko eguna

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 6a, 09:00

Kanpaldiaren lehen eguna izan zuten atzokoa Elizondoko plazan eta egunaren laburpena osatu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak:

Euriarekin lokartu ginen igandean eta euriarekin iratzarri ginen astelehenean, kanpaldiaren lehendabiziko egunean. Ezohiko argazkia zegoen Elizondoko plazan, kanpin dendez beteta, ezohikoa den egoera salatze asmotan: zazpi Baztandar kartzelan sartu nahi dituzte eta bizi osorako ekonomikoki zigortu, haien desadostasuna makinen aitzinean jartzen erakustegatik.

Absoluzioa aroztegikoendako irakurtzen ahal zen plaza euriak baino gehiago blaitzen zuten zapi horietan. Ingurukoen elkartasunaren kafe beroaren ondotik, goiza pankartak egiten joan zen, haietako batean irakur daiteke: guk ere akanpatu genuen! Halaxe oihukatu baitute azken aldian hainbat herritarrek desobedientzia zibilarekin elkartasuna erakutsiz. Baina, egunak aitzinera egin ahala, zeru urdina agertzen joan zen pixkanaka, txarretik onera, espero dugu asteak ere hala egin dezala, baita Aroztegiko prozesuak ere.

Arratsaldean gero eta jende gehiago agertu zen eta 17:00etan abiatu ziren dozena bat auto Baztanen barna harrabotsa egitera kartel horiz beterik: ez gara zazpi, herri bat gara aditu zen Baztango zoko guzietan, kanpaldian parte hartzeko deiekin eta kriminalizazioaren salaketekin batera.

19:00etako elkartasun keinuan Erdiz Bizirik plataformak, Basaburuko herritarrek eta nekazariek bete zuten plaza, eta tartean Erdiz Bizirikek salatu zuen, Aroztegian bezala, UGEParen prozesu berdina haiei gertatu zaiela: Baztango lurren gaineko erabakimena Baztandik kanpo eramatea.

Afal orduan hamarnaka lagun bildu ziren mahaiaren bueltan, mantak altzotan. Ondotik, Maddi Ane Txoperena, Xabi Maia, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalok borobildu zuten eguna bertsotan. Haien hitzetan entzun dugun moduan elkartasunak goxa dezala epaiketaren hotza.

Gaurko ekitaldiak

Kanpaldiko egitarauak segida izanen du gaur, maiatzaren 6an:

  • Goizean herria apaintzea
  • 13:30ean bazkaria
  • 17:00etan panel margotzea
  • 19:00etan elkartasun keinua: Batzar Nagusia eta Erberea kuarteleko herritarrak
  • 21:00etan afaria
  • Ondotik triki panderoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun