Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko kanpaldia abiatu dute Elizondoko plazan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 5a, 10:00

Aste osoko egitaraua prestatu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak, eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak

Eguraldia lagun ez bazuten ere, jendetza bildu zen atzo arratsaldean Elizondoko plazan Aroztegiko Elkartasun Komiteak deitutako prentsaurrekora. Azaldu zutenez, maiatzaren 19tik 23ra epaituko dituzte zazpi auzipetuak Nafarroako Auzitegian, «2021eko udaberrian, bertze dozenaka herritarrekin batera, Aroztegiko proiektu urbanistiko espekulatzailearen kontra egindako kanpaldian parte hartzeagatik».

Oroitarazi zuten Aroztegiko proiektua «herritarren borondatearen kontra behin eta berriz inposatu nahi izan zaigula», eta salatu zuten Nafarroako Gobernuak «Palacio de Arozteguia SMri legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkion bitartean, herritarrak babesik gabe» utzi dituela.

Izan ere, «lurraren defentsan egindako ekintza demokratiko batengatik zigortu nahi dituzte: denera 20 urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko kalte ordain eskaera zazpi lagunen gain paratu nahi dute. Derrigortze eta bortxa delituen akusazioarekin batera, talde kriminal bat osatzea leporatzen zaie».

Egoera salatzeko eta zigorra «herri oso baten kontra» dela adierazteko, elkartasun kanpaldia abiatu dute Elizondoko plazan. Prentsaurrekoaren ondotik hasi ziren kanpin-dendak muntatzen eta lehenbiziko gaua pasatu dute bertan 15 bat lagunek. Orain aste osoko egitaraua dute aitzinetik, eta herritarrak animatu dituzte ahal duten ekintzetan eta elkartasun keinuetan parte hartzera:

  • Maiatzak 5, astelehena:
    • Goizean plaza apaintzea
    • 13:30ean bazkaria
    • 17:00etan auto karabana Baztandik
    • 19:00etan elkartasun keinua: Erdiz Bizirik, nekazariak eta Basaburua kuarteleko herritarrak
    • 21:00etan afaria
    • Ondotik bertso saioa
  • Maiatzak 6, asteartea:
    • Goizean herria apaintzea
    • 13:30ean bazkaria
    • 17:00etan panel margotzea
    • 19:00etan elkartasun keinua: Batzar Nagusia eta Erberea kuarteleko herritarrak
    • 21:00etan afaria
    • Ondotik triki panderoa
  • Maiatzak 7, asteazkena:
    • Goizean Aroztegirat martxa
    • 13:30ean bazkaria
    • 18:00etan kalejira Kinbonborekin
    • 19:30ean elkartasun keinua: Lekarozko herritarrak
    • 20:00etan Baztango Mindeitzea
    • 21:00etan afaria
    • Afal ondoan zirko kabareta
  • Maiatzak 8, ortzeguna:
    • Goizean N121aren apainketa
    • 13:30ean bazkaria
    • 17:00etan boleibol txapelketa
    • 19:00etan elkartasun keinua: Meta, Baztanen Bizi Nahi Dugu eta Elizondo kuarteleko herritarrak
    • 21:00etan afaria
    • Afal ondotik Madame Birrots
  • Maiatzak 9, ortziralea:
    • Goizean solasaldia
    • 13:30ean bazkaria
    • 17:00etan bizikleta martxa Elizondotik
    • 19:00etan elkartasun keinua: Emakumeen Mundu Martxa eta Baztangoiza kuarteleko herritarrak
    • 21:00etan afaria
    • Afal ondotik triki panderoa
  • Maiatzak 10, larunbata:
    • Goizean kanpaldia bildu
    • 12:00etan elkarretaratzea plazan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun