Azaldu duenez, «Elizondon ez ditugu inauteak herri ttikietan bezala bizitzen, baina egun bereziak dira, adin eta kuadrilla guzietako herritarrak ateratzen baikara karriketara». Ortziralea da gehien gustuko duen eguna, «berriki arte danborrada izan ohi zena eta gaur egun pintxo poteoa; musika, lagunak, pintxoak eta zerbezaren bat edo bertze. Inauteak hasteko modu ederra!».
Baina larunbateko desfilean ere ez du hutsik egiten, eta horretarako, «etxean egindako mozorroak nahiago ditut, dudarik gabe. Mozorroa aukeratutako gaiari ahalik eta gehien iruditzea gustatzen zait, eta erositakoek aunitzetan ez dute hori betetzen». Kuadrillarekin batera ateratzen da, «eta urtero guk egiten ditugu mozorroak. Horietako bat aukeratzekotan, Disneyeko gaiztoez mozorrotu ginen urtea aukeratuko nuke. 4-5 urtez proposatu nien lagunei ideia eta azkenean, milagroz edo, baietz erran zidaten. Hilabete batez lanean aritu ginen orratzarekin eta silikona pistolarekin, baina emaitzak merezi izan zuen. Haurrak emozionatuak bezain beldurtuak zeuden gu ikustean eta ederki pasa genuen gaiztakerietan».
Joan den urtean taldekako mozorro lehiaketa irabazi zuten, Cristina Pedrocheren Urtezaharreko soinekoak jantzita. «Hilabete inguru pasatu genuen mozorroan lanean, baina egia erran, ez genuen irabaztea espero, mozorro arras originalak izaten baitira beti». Hala ere, «sariaren dirua Errege Kabalgatako komisioari eman genion, eta horrekin urtero elizan zintzilikatzen den telegrama berritu dute. Azken finean, herriak egiten du herria».
Aurten ama bezala biziko ditu inauteak lehenbizikoz, baina, «zorionez, senarrak ere mozorrotzea gustuko du eta familian aterako gara. Dena pentsatua dugu dagoeneko!».
Antolaketa lanetan
2023ko udan hasi zen kargudun lanetan herriko taldean; «Aitor Bazterrikak bizpahiru aldiz proposatu zidan eta, lantaldea ikusita, sartzea erabaki nuen. Erabaki ona izan zela erranen nuke. Aurten ere lantalde polita sortu dugu, adin eta izaera anitzekoa, eta giro ona dugu».
Izan ere, «herritarren parte hartzea ezinbertzekoa da herria bizirik mantentzeko, ospakizunak gozatzerako orduan, baina baita antolaketan ere. Herriarendako egiten den guziak lan haundia du gibeletik, aunitzetan konturatzen ez bagara ere. Gustura eskaintzen diogu gure denbora, baina herritarren parte hartzea aunitz eskertzen dugu. Hortaz, elizondoarrak batzarretara etortzera animatzen ditugu beti, herriaren ahotsa aditzeko tokia baita hori».
Inauteei eta Orakunderi dagokienez, urte hasmentan abiatzen dituzte prestaketak; «bilerak eskolekin, lanen banaketak, jatetxeen erreserbak… dena prest dugu».